Jendetza batu da San Martin auzoko ermitan txondorra nola pizten zuten ikusteko. Txondorraren Bueltan egitasmoko kideak prest zituzten brasa eta betegarriak, hilabeteetan prestatu duten txondorra pizteko. Behin unea iritsita, txondorraren puntan dagoen erdiko zulotik sartu dituzte brasa eta betegarriak, eta gutxika pizten joan da; ordu batzuk behar izan ditu guztiz pizteko. Piztueran gainera hainbat gonbidatu ere izan dira, besteak beste, Gerardo Elorza historia kontuetan aditua dena, eta, Goizuetatik zahagi dantza egitera etorri direnak ere; izan ere, eurengana joan ziren hemengoak ere proiektu honen hasieran.
Behin piztuta tapa jarriko diote eta egoste prozesuan utziko dute. "Orain itxarotea besterik ez da gelditzen. Txondorrak berak erakutsiko du nola ari den egosten, eta, bitartean haizea zaindu, eta lekuren batean zulorik eginez gero horiek estali beharko ditugu" adierazi du Enrike Uriarte Txondorraren Bueltan egitasmoko kideetako batek.
Behin txondorra egosten denean ikatza batzea faltako da, baina bien bitartean zaintza lanak egin beharko dira eta egitasmotik herritarrak animatzen dituzte parte hartzera. "Momentuz txondorra piztu besterik ez dugu egin, eta, orain zaintza lana egitea gelditzen da. Jendeari esan nahiz eta boluntarioak behar diren gu ere bertan egongo garela 24 orduz, baina jendearen konpainia ere ondo etorriko zaigu" dio Xabi Elorza Txondorraren Bueltan egitasmoko beste kideetako batek.