Zapatuan piztuko dute txondorra

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko mai. 31a, 08:31

Martitzenean auzolanean ari zen taldea txondorraren aurrean.

Zapatu, bihar, eguerdian brasa eta betegarriak sartzen hasiko dira txondor barrura goiko zulotik behera, jai giroan. Bizpahiru aste beharko dira erabilitako egurra egosi eta ikatz bihurtzeko, eta zaintza lanak egiteko gonbidapena egin gura diete herritarrei.

Azaroan egin zuten txondorraren proiektuaren aurkezpena Txondorraren Bueltan egitasmoko kideek, eta uda izango da barruan egingo den ikatz guztia atera orduko. Irteerak, hitzaldiak eta txondorra bera egiteko auzolanak egin dituzte bien bitartean. Bihar, zapatua, piztuko dute, jai giroan, ikazkintzari buruz interesa duten herritarrekin eurek ikasitakoa partekatuz.

Erdiko zulotik behera

San Martin auzoko zuhaiztian, ermitaren atzean, egin dute txondorra. Eta ondoan etxola bat, ikazkinek horrelakoetan pasatzen baitzituzten ikatza egin bitarteko egunak, prozesuaren zati horrek orduroko zaintza eskatzen du eta. Barrua bost metrokoa du txondorrak; sei metro, estalki eta guzti neurtuz gero. Erdian zuloa du, eta hortik sartuko dituzte zapatuan brasa eta betegarriak. "Erdiko su-etxea beteko da horrela eta ingurura zabaltzen hasiko da gero sua. Azpiko ondo-zuloetatik arnasa hartzen du txondorrak, tiro efektua egiten dute, eta txondorrean beste puntu batzuetan zuloak eginda kontrolatzen da sua, zuk gura duzun tokira eramateko. Zuloa alde baten eginez gero, beste aldera mugituko da sua. Joko hori egin behar da, eta egunero zaindu: su-begiak sortuz gero, tapatu egin behar dira ahalik eta azkarren, lurra jausten bada jaso...", dio proiektuan ibili den Arantzazu Sagarzazu Sacristanek.

Pago egurra erabili dute txondorra egiteko, lehen ere horixe zelako nagusi langintza horretan, "ziurrenik gehien zegoelako, azkarrago hasten dalako eta errazagoa delako". Pagoa kudeatzeko modu ezberdinak daude, txaria edo pago-motzak, adibidez, eta herri lurretako txara batean entresaka egin behar zela aprobetxatuta, egur hori atera zuten. "Otsailean jo genuen basoa, bota zen egurra, behorrekin bideetara atera genuen eta kamionetan hona, San Martinera, ekarri. Gero, hemen, tamainako zatiak egin ditugu, neurrira moztu; metro inguruko zatiak batzuk eta txikiagoak beste batzuk. Baita egur xehea ere, fina; horiekin bete ditugu zulo guztiak".

Kalkulatu dute guztira 36 tona egur ekarri dituztela basotik kamionetan. Gehiena, 25 bat tona, erabili dute txondorra egiteko; gainerakoa, adibidez, etxolarako, bete-lanak egiteko eta su-egurretarako izango da, jatorduak egiten erabiltzeko, kasu.

Txondor barruko egurra egosi egingo da denborarekin, bizpahiru aste beharko ditu erabat egosteko, eta gero aterako dute ikatza. Ikazkinen esanetan, lau edo bost tona egurretik tona bat ikatz ateratzen da. Ikatza ateratzeko puntuan noiz dagoen jakiteko txondorrari berari begiratu behar zaiola dio Sagarzazuk; hark ematen ei ditu argibideak horretarako: "Txondorra bera txikitzen joaten da, adibidez, zuritzen ere bai, eta kolore urdineko kea botatzen hasten da gero".

Deialdi irekiak eginez egin dituzte orain arteko irteera, hitzaldi edo auzonalak eta orain ere gonbidatu dituzte herritarrak  zapatuko ospakizun festan parte hartzeko. Goizuetatik etorriko dira errekuperatu duten zahagi dantza egitera, adibidez. Eurengana joan ziren hemengoak ere proiektu honen hasieran, eta eskertuta daude Txondorraren Bueltan ekimenean parte hartu dutenak, euren laguntzagatik. Dantzarekin batera musika ere egongo da, baita jatekoa eta edatekoa ere, eta testu bat irakurriko dute. Gainera, hemendik aurrerako zaintzak egiteko gonbidapena ere egingo dute; Arrano tabernan eman behar da izena zaintza lanak egiteko.

San Martingo ermita barruan argazki erakusketa bat jarri dute ikusgai, prozesu osoaren pausoak ikusteko. Argazkiekin batera, hiztegia ere bai; izan ere, ikazkintzako hitz propioak berreskuratu dituzte. Ikazkinen langintzari omenaldia egiteaz gain, ikasi ere egin dutela diote eta: "Ikazkin lanetan edo baso lanetan aritzen zirenak eskola gutxikoak izaten ziren, normalean, baina neurriak begiradarekin eta kalkuluak buruz hartzen zituzten; ondo, gainera. Eta bazuten hiztegi propio bat ere, jakina".

Ekainerako prest dute egitaraua. Agendan dago ikusgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak