Duela bi urte, 2022an, jarri zuten Emakumion Etxia Eraikitzen izeneko parte-hartze prozesua. Beste eredu batzuk ikusi, Oñatikoak izango dituen oinarri teorikoak finkatu, beharko lituzkeen espazioak definitu, berrantolaketa nola egin adostu, nola eta nork erabiliko duen zehaztu... Espazioaren helburuak eta erabilera finkatzen ibili dira ordutik, talde irekietan batuta, eta egindako lanketa herritarrei erakutsi gura diete orain. Eguaztenean, maiatzak 29, Eltziako topagunean 19:00etan egingo den aurkezpenean azalduko dituzte parte-hartze prozesuaren ondorio nagusiak.
Urtebeteko obrak
Emakumion Etxiaren oinarriak, balioak, jarduna, kudeaketa eredua eta antolaketa sistema adosten joan diren heinean, paraleloan, Kale Zaharreko 13. zenbakian dagoen hiru solairuko eraikina bera txukuntzen, konpontzen eta moldatzen ibili dira. Bigarren fase baten daude sartuta lan horiek: etxearen barne banaketa eta eraginkortasun energetikorako lanak egingo dituzte. Hau da, barruko espazioak eta eskailerak, eta argindar, telekomunikazio, ur hornidura eta berokuntza nahiz aireztapen instalazioak eta pareten isolamendua. Itziar Zelaia arkitekto oñatiarrak idatziko du proiektua, lehen fasekoa egin zuen berak.
MAIATZAREN 29AN DA
AURKEZPENA
HERRITARRENDAKO,
19:00ETAN, ELTZIAKO
TOPAGUNEAN
Lantaldeak egingo dituzte
Uztailera bitartean, hiru hilabeteko epean, idatziko dute bigarren faseko proiektua, eta udazkenean hasiko lirateke lanak. Obrek, gutxi gorabehera, urtebete iraungo dutelakoan daude, eta tarte horretan par- te-hartze prozesua ez da geldi egongo. Lantaldeak sortuko dituzte, eraikina zabaltzen denean funtzionamenduan hasteko moduan egon dadin. Hau da, irudia eta komunikazioa landuko duen lantalde bat eratuko dute, esaterako, izena jartzeko eta irudia egiteko. Beste talde batek, bestalde, programazioa landuko du, zabaltzen denerako eskaintza prest egon dadin.
Taldeak herritarrekin osatu gura dituzte, eta eguazteneko aurkezpena aprobetxatuko dute orain arte egindakoa azaltzeko eta dituzten asmoei buruz berba egin eta lantaldeak osatzen hasteko deialdia egiteko. Herritar guztiak daude gonbidatuta aurkezpenera; bereziki, Jabetze Eskolan parte hartu dutenak, etorkizunean bizikidetzan jardungo dutelako. Ekitaldi hori aprobetxatuko dute, bestalde, Jabetze Eskolako ikasturteari amaiera emateko.