Urgain Eguna ospatu dute

Gontzal Belategi Zubia 2024ko mai. 18a, 20:02

Urteroko legez, Urgain Eguna ospatu dute Urgain osatzen duten ikastetxe guztiek. Egun osoko egitaraua zuten programatuta, eta giro politean ibili dira haur, gazte zein heldu.

Urgain Eguna ospatu dute Urgain osatzen duten ikastetxe guztien artean. Ikasleak, ikasle ohiak, irakasleak eta gurasoak elkarrekin ibili dira egun osoan zehar, eguna jai giroan ospatzen. Festaren aurretik, auzolanean muntatu dute guztia, eta 11:00 jo ahalaz bat, Urgaintxok pregoia bota du festarekin hasteko. Plaza zeharkatu eta Kale Barrian gora joan dira elkarrekin kalejiran, Urgaineko trikitilari gazteen doinuez lagunduta. Bogako plazatxoan egin dute geldialdia, eta bertan, trikiti eta pandero doinuez gain, bestelako musika eta dantzak ikusi ahal izan dira.

Bertatik plazara mugitu dira, eta han Urgain 10 urte abestia dantzatu dute guztiek batera. Jarraian, Irunberri plazara, institutu aurrera, itzuli dira, bazkaltzeko. Bazkal ostean ere, ez dira geldik egon Urgaineko kideak.15:45ean bingoa egin dute, eta hau amaitu ostean jolasak. 18:00etan DJ-ak hasi dira, giroa musikaz goxatzen. Eguna, hasi bezala amaitu dute, auzolanean. 19:00etan desmuntaia hasi dute, eta 20:00etan amaiera eman diote egunari.

Publikoaren aldarria

Festa eguna izan da gaurkoa, baina publikoaren aldeko aldarria ere zabaldu nahi du egunak. "Publikoa defendatzen dugulako antolatzen dugu hau guztia. Bidea publikoa dela uste dugu eta borroka hori delakoan gaude. Dena publikoa izan behar dela uste dugu, instituzio guztiak eta, nola ez, hezkuntza bera. Horrez gain, euskarazkoa eta eta proiektu erreal baten oinarritua izatea ere beharrezko ikuste dugu. Festa eguna da, baina borroka eguna ere bai." adierazi du Goizalde Astigarraga Gonzalezek, guraso elkarteko kideak.

Publikoaz gain, beste hainbat aldarri ere izan dira presente egunean zehar. Horietako bat Palestinaren aldeko aldarria izan da. Pankartak eta banderak ikusi ahal izan dira egunean zehar: "Asko gogoratzen gara, guraso garen heinean, palestinar genozidio honetan, bertako haurretaz. Elkartasuna adierazi nahi izan diegu". Bestalde, atzo ospatu zen LGTBIQ fobiaren aurkako eguna gogoratuz, ostadar bandera ere eraman dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak