Hortensia Alcala: "Bildumako margolan guztiak dira poetikoak"

Mireia Bikuña 2024ko api. 19a, 09:00

Hortensia Alcala erakusketako txoko batean.

Hortensia Alcala Garciak (Portaje, Caceres, 1946) Raices profundas izeneko bilduma ipini du ikusgai kultura etxean. Askotariko gaien gaineko margolanak dira, hilaren 28ra arte ikus daitezkeenak.

Zergatik ipini diozu izen hori erakusketari?

Nire sustraiak irudikatu gura izan ditut. Nire bizitzarekin zerikusia izan duten gauza gehienak islatu nahi izan ditut. Unean uneko gertaerak eta bizipenak. Ez dut esango nire bizitzaren laburpen bat denik, baina une asko jasotzen ditu.

Erretiratu ostean hasi zinen margotzen.

Caceresen jaio nintzen, baina 15 urterekin Oñatira etorri nintzen, izeba batekin, eta segituan
hasi nintzen Tximisten lanean. Ezkondu ostean lana utzi, eta seme-alabak hazi nituen. Laugarrena jaio ostean, ospitalean hasi nintzen lanean, uniformeetan brodatuak egiten. Ez zait gustatzen ezer egin gabe egotea. Argi neukan erretiroarekin nire zaletasunei helduko niela. Horietako bat pintura zen.

Zure kabuz ikasi duzu, gainera.

Hala da. Alde horretatik, nahiko ekintzailea izan naiz. Mundu guztiari esaten diot nire laguntzailerik onena Google Jauna izan dela. Interneten dago dena. Niri balio izan dit deskonektatzeko eta gauza berriak ikasteko. Nire bizitzan gehien egin dudana zera izan da, edozeri ezetz esaten zidan jende horren aurka borrokatzea. Zergatik ezin nuen egin benetan nahi nuena?

"BADITUT GIDOIAK IDATZITA, ETA ZINEMA EGIN NAHIKO NUKE; FILM LABUR BAT,
AKASO"

 

Koadro batzuk oso landuak dira, baina beste batzuk sinpleak; nola erabakitzen dituzu bakoitzaren ezaugarriak?

Ez daukat jarraibide zehatzik. Gaiaren araberakoa izaten da. Adibidez, Afganistandik irten zen azken soldaduaren margolana oso soila da. Soldadu hori bakarrik dago. Zertarako gehitu beste ezer, esanahia oso garbia bada? Garbi daukadana da margolan guztiak direla poetikoak. Etxeko paretak hutsik geratu zaizkit. Biluztuta. Poesia guztia dago erakusketa gelan.

Zer da zuretzat herrian bertan zure margolanak erakustea?

Pozik nago, baita kosta egin zait erakusketa antolatzea. Pandemia aurretik, lehen saiakera egin
nuen. Ezin izan zen, baina orain pozten naiz une honetan delako, koadro gehiago baititut erakusteko. Egia esan, ohorea da nire lanak, nire sustraiak, herrikideekin partekatzea.

Poesia idazten duzu, eta argazkilaria ere bazara; 78 urterekin, egiteke duzu proiektuaren bat?

Zinema egin nahi nuke. Hainbat gidoi idatzi ditut, eta zerbait zuzendu nahi nuke. Film labur bat, besterik ez bada ere. Zinema gustatzen zait. Baina, batzuetan, uste dut berandu nabilela horretarako. Hala ere, gero, nire amari erreparatzen diot: 104 urterekin hil zen, eta burua ezin
hobeto. Beraz, badaukat zinema egiteko aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak