Iñaki Iurrebaso: "Euskara lehentasunetara ekarri beharra daukagu"

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko mar. 22a, 09:05
Iñaki Iurrebaso, martitzenean, Oñatiko kultura etxe kanpoan.

Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan, martitzenean Oñatiko kultura etxean izan zen Iñaki Iurrebaso soziologoa (Legazpi, 1967), Udalaren eta Uemaren eskutik. 'Euskararen egoera gaur. Zer diote datuek?' izenburudun hitzaldia egin zuen.

Iñaki Iurrebasok izenburu hau daraman doktore tesia hartu zuen oinarri hitzaldirako: Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa.

Zerk eraman zaitu tesi hori egitera?

Euskararen egoera hobeto ezagutu nahi izateak mugitu ninduen gehien. Lehenago egindako lanengatik banekien informazio asko zegoela, eta horretan gehiago sakonduz pista gehiago ateratzeko helburuarekin hasi nintzen.

Zein iturri izan dituzu lanerako?

Hiru: hegoaldeko zentsuak, Eustat eta Nastat; Eusko Jaurlaritzaren inkesta soziolinguistikoak; eta, azkenik, erabileraren kale neurketak, Soziolinguistika Klusterrarenak. Orain arte, iturri horiek landu izan dira gehienetan bakoitza bere aldetik, eta gogoa neukan ikuspegi orokor bat eskaintzeko hiru iturrietan azaltzen den informazioarekin.

Hiru epekatze orokor zehaztu dituzu; lehenengoa ordezkapen aroa izenekoa da, 1906tik 1971ra. Zer jaso duzu bertan?

1906an euskarak oraindik ere pisu dezente zeukan hegoaldean, eta hegoaldeko datuak bakarrik dauzkagu. Jaiotako haurren %41ek jaso zuten euskara etxean. Garai hartan, Bilbotik mendebaldera dagoen Bizkai osoan, Gipuzkoan eta Nafarroako iparraldean, gutxienez, euskara sozialki oso indartsu zegoen familian eta kale giroan, behintzat, eta, handik aurrera, XX. mendean zehar joan zen euskararen pisua jaisten, nabarmen. Garai hartan gertatutako migrazio prozesuak eragin zuen, batetik; izan ere, familia euskaldunetako batzuek –ez gehienak, baina bai batzuk– erabaki zuten seme-alabei euskaraz ez erakustea. Zertarako erakutsi sufritzeko besterik ez den hizkuntza? Hori oso arrunta da hizkuntza gutxituetan, mendeetako bazterketaren eta jazarpenaren ondorioz: ez baloratzea nork bere hizkuntza eta nahiago izatea beste hizkuntza –gaztelania, gure kasuan– erakustea gure seme-alabei. Bi faktore horiek eraginda, jaitsiera nabarmena izan zuen euskararen pisuak gure gizartean.

Gero etorri zen indarberritze aroa deitu diozuna, 1971tik 2001era.

60ko hamarkada inguruan beste susperraldi bat izan zuen euskal komunitateak; garai hartakoak ditugu euskara batua, ikastolak eta helduen euskalduntzea, besteak beste. Susperraldi aro haren eskutik gertatu zen lehen esan dugun galera hura, familia batzuek erabaki zutela euskara ez transmititzea euren seme-alabei; galera hori eten egin zen, nolabait esateko, salbuespenak salbuespen. Eta garai hartako euskaldun berriak ere euskaraz transmititzen hasi ziren seme-alabei. Eta horrek eragin zuen susperraldia. Datu estatistikoak gai horri buruzkoak ditugu; pentsatzekoa da garai hartan bai erabileran, bai gaitasunean, bai beste hainbat alderditan ere gora egingo zuela euskarak, nahiz eta ez dugun datu zehatzik.

Geldotzearen aroa etorriko litzateke gero, 2001etik 2021era.

Hor daukaguna da 2001 ingurutik lehengo suspertze aro hura gelditu egin zela; adierazle batzuetan ikusten da gorantz jarraitzen duela, baina geldoago, eta beste batzuetan atzeraka ere hasi gara. Berez, horren arrazoietan ez dut sakondu; hala ere, hipotesi bezala esango nuke XXI. mendearekin batera izan ziren aldaketa teknologikoek eta horiek gure kultur eta gizarte ohituretan izan zuten inpaktuak, seguru aski, zerikusia izango zutela. Eta, bestetik, demografia aldetik, berriro migrazio joera berriek, zalantzarik gabe, eragina dute datuetan.

Olatu berri baten beharra azpimarratzen duzu.

Bai; inpresioa daukat azkenengo urteetan euskaltzale jendea ere agian ez ote garen erlaxatuegi ibili, eta euskara lehentasunetara ekarri behar da maila pertsonalean –euskararen aldeko hautu argiak eginez gure eguneroko bizitzan–; eta maila politikoan, berriz, politika indartsuagoak behar dira euskararen alde.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak