EH Bilduk kezka adierazi du EAJk margoketei buruz eginiko adierazpenenak direla-eta

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko mar. 19a, 10:03

Salatu duenez, EAJk "zuzenak ez diren hitzak" jarri ditu Udal Gobernuaren izenean, eta, hala, "eztabaida antzuetan" sartzeko asmorik gabe, "herriko ondarearekin duen konpromisoa" berretsi du.

Herriko ondare kulturala babesteko eta kontserbatzeko eskatu zion pasa den astean Oñatiko EAJk Udal Gobernuari, baina EH Bilduk kezka adierazi du "tonuarengatik eta informazioa emateko erarengatik". Haren esanetan, horrelako adierazpenek "herriko giroa nahasten dute", eta salatu dute "asmo txarrez moztutako argazkiak, erdizka emandako informazioak eta testuingururik gabekoak" darabiltzatela, gainera. "Ez da lehen aldia. Eusko Jaurlaritzako hauteskundeen testuinguruan egin da, eta nabaria da. Halako estrategietan galdu barik, herri hau hobetzeko lanean jarraituko dugu EH Bildutik".

EH Bilduren hitzetan, EAJk adierazi zuen Udal Gobernuak ez duela jeltzaleen proposamena onartu "kultura ondarea zaintzeko eta kontserbatzeko proposatutako edozein ekimenek pintadak egiten dituzten herritarren adierazpen askatasuna mugatzen dutelakoan", baina EH Bilduk nabarmendu du "aipu hori guztiz okerra" dela, esate baterako, honengatik: "Margoketak, pankartak, kartelak eta pegatinak kentzeko tentazioarekin argi ibili beharra dagoela azaldu zion Udal Gobernuak oposizioari, Mozal Legea aipatuz. Besterik ez". Haren arabera, Udal Gobernuak "ez zituen une batean ere margoketak justifikatu", eta "argi adierazi eta berretsi zuen herriko ondarearekin duen konpromisoa": "Gaineratu zuen ondarearen kontserbazioa hortik harago doala, eta bide horretan doala Udal Gobernuaren ahalegina. Herriko ondarearen kontserbazioaren alorrean lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen". Era berean, erantsi du "kontzientziazioaren bidean sakontzeko bideak aztertzeko konpromisoa" hartu zuela.

Eztabaida "eraikitzailea"

EH Bilduk azpimarratu du ez duela "gaia gehiago nahastu nahi elkarbizitzaren izenean", baina "beharrezkotzat" jo duela "hainbat argipen" egitea EAJk eginiko adierazpenak direla-eta. "Eztabaida antzuetan" sartu baino gehiago, "eztabaida eraikitzaileen alde" egin nahi du: "Badugu herri honentzako proposamena, baditugu etorkizuneko erronkei aurre egiteko proiektuak. Horietaz jardun gura dugu guk, herri hau hobetzen segitzeko. Egin dezagun berba proiektuez eta hartu beharreko norabideaz, herri honen mesedetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak