Duela gutxi Oñati herri turistiko onenen artean sartu badute ere, Oñatiko EAJk "kezka" azaldu du, hirigune historikoaren eta monumentu enblematikoen eremuan, mota guztietako pintadak, pegatinak, pankartak eta kartelak "geroz eta ugariagoak" direla azkenaldian, adieraziz. EAJren kezka haratago doa: "Garbitasun- eta kontserbazio-faltak aspalditik kezkatzen gaitu, baita EH Bilduren gobernuak horren aurrean irtenbideak aurkitzeko erakusten duen geldotasunak ere".
EAJren Udal taldeak, printzipio demokratikoekiko eta adierazpen-askatasunarekiko "konpromisoa" berretsi du, baina adierazpen askatasunerako berariaz prestatutako guneak erabili behar direla nabarmendu du.
Sentsibilizazio kanpaina
EAJ dio herritarrak "kontzientziatu beharra" dagoela; hain zuzen ere, sentsibilizazio kanpaina bat eskatu zutela otsaileko osoko bilkuran gogorarazi dute, "Oñati garbi eta erakargarri mantentzearen garrantzia sustatzeko", eta, gaineratzen dute, Udal Gobernuak ez duela "kontuan hartu" euren proposamena eta ez dela gauzatuko.
Jeltzaleen iritziz funtsezkoa da "adierazpen-askatasunaren eta ingurune komunarekiko errespetuaren arteko oreka aurkitzea". Horregatik, udalerrian ideiak eta iritziak adierazteko espresuki prestatutako espazioez gain, "adierazpen-askatasun hori bideratzeko modu ugari" daudela diote, eta horiek "arduraz erabilita", herriko ondare historikoa eta kulturala hondatzen duten ekintzak saihestuko liratekeela.