Batuak enpresako langileak ziurgabetasun egoera batean egon dira udatik, izan ere, uztailaren 19an jabeak azalpenik eman gabe joan ziren enpresatik. Ondoren, hirugarren pertsona batzuen bitartez jakin zuten enpresa hartzekodunen konkurtsoan zegoela.
Hilabete batzuk geroago erosle bat agertu zen eta langileak normaltasun egoera batera itzuli ziren, baina, orduan konturatu ziren gizarte segurantzan alta eman gabe zeudela. Horren ostean, abenduan eroslea desagertu egin zen, salmenta burutu gabe utzita eta langileak erregularizatzeko tramiteak egin gabe. 2024. urte hasieran atzeratutako soldatak jaso zituzten arren, bi hilabete daramatzate kobratu gabe, eta lantegira joaten lanik ez dagoenean.
Enpresa "bideragarria" da
ELA sindikatuko ordezkari den Idoia Altunak Goienari esandakoetan, enpresa "bideragarria" dela azpimarratzen du, enpresak jabeak izan dituenean eta lana egon denean ikusi delako hori, eta borrokan jarraituko dutela aitortu du: "Enpresa bideragarria da eta halaxe ikusi da lana egon denean. Guk ahalegin guztia egingo dugu langileek euren lanpostuak mantendu ditzaten, eta, bestela, kalteak ahalik eta txikienak izaten saiatuko gara".
2017. urtetik gorabeherekin
Batuak likidazioan orain dagoen arren, gorabeherak aspalditik datoz. 2017. urtean kudeatzaile aldaketa izan zuen enpresak, eta, urtebete beranduago berriz, bazkide aldaketa jasan zuen. Hauek euren soldata %20 igotzea erabaki zuten, baina ordutik aurrera, gauzak "okertzen" joan zirela azaldu du Altunak. 2020. urtean langileen ordezkariei soldata %20 "jaisteko" eskatu zitzaiela ere aipatzen du, baina, norbanako batzuk kenduta, gehiengoak "ez jaistea" erabaki zuela dio.
Bestalde, une horretan enpresa bezeroak "galtzen" hasi zela aitortzen du Altunak. 2023. urte hasieran berriz aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea jarri zuten martxan Batuak-en, baina, akordio batera ez zirela iritsi azaltzen du ELAko ordezkariak. Ordutik aurrera "utzikeria" egon dela salatzen du Altunak, gaur egun dauden egoerara heldu arte.