100 urte dagoeneko; nola hasi zen guztia?
Duela 100 urte jaso zuen nire aitonak estankoa zabaltzeko baimena, baina nire amona Petra egoten zen lanean. 60ko hamarkadan nire ama hasi zen eta haren ostean ni sartu nintzen; hirugarren belaunaldia osatzen dut nik.
Herriko hirugarren estankoa zen Altuna.
Hori da. Lehenengo estankoa Zubillagan zegoen, taberna bat zegoen eta estankoa ere bazen; bigarrena plazakoa, arkupean dagoen estanko zaharra, udaletxe parean, eta gero, gu etorri ginen; hirugarrena izan zen gurea.
Zeintzuk dira zure txikitako oroitzapenak?
Hemen jaiotakoa naiz eta estankoan bueltaka aritzen nintzen beti. Txikia nintzen, eta, beraz, oso gustura aritzen nintzen. Gogoratzen dut lehen joaten nintzela Naparrena tabernara aldizkariak eramatera; Hola eramaten nuen sarritan, eta bertako langileek olibak ematen zizkidaten trukean. Ni, orduan, txikia nintzenez, izugarria iruditzen zitzaidan!
Orduan ere tabakoa saltzen zenuten.
Bai. Tabakoa pisura saltzen zen, baina nik hori ez nuen ezagutu; guk tabako guztia paketeetan saldu izan dugu. Esango nuke nire amonaren garaian baietz, pisura salduko zela, pisua izan ohi dugu-eta etxean.
Tabakoaren kontrabandoaren garaia nola bizi izan zenuten?
Garai hartako estanko guztiek bezala, guk ere saltzen genuen kontrabandoko tabakoa, bai.
Nola aldatu da estankoen egoera?
Asko aldatu da. Orain, jendea presaka bizi da; lehen, berriz, lasai-lasai. Lehenagoko bezeroak etortzen zirenean tarte luzeagoa izaten genuen haiekin hitz egiteko, euren gauzak kontatzen zizkidaten, eta nik entzun. Gainera, orain aldizkari eta liburuak saltzen ditugu gehien eta uste dut orain gehiago irakurtzen duela jendeak. Pandemiaz geroztik ere handitu egin dela esango nuke.
Estankoa zurea bada ere, nagusia Madrilen dago, ezta?
Bai; oporrak eskatu nahi baditugu, esaterako, Madrilen eskatu behar dugu baimena; Tabakoaren Merkaturako Ordezkaritzan eskatu behar dugu, Ogasun Ministerioan. Tabakoaren gaineko prezioa ere han zehazten dute, eta handik helarazten digute aldaketaren bat gertatuko balitz.
Kale Barrian kokatuta egonda, inguruan ere komertzio asko egon da?
Bai, asko zeuden. Adibidez, hemen ondoan zegoen Goñi taberna, baita Etxeberri taberna ere. Aurrerago zeuden Oleaga janari-denda, Milikua eta Txokolateixia. Kalea dezente aldatu da; orain, lasai-lasai dago. Denda asko itxi egin behar izan dituzte, baina guk hemen jarraitzen dugu, gogor.
Zer eman dizu estankoak?
Bizitza handia eman dit estankoak, oso gustura egon naiz, eta gaur egun ere gustura nago. Txikitatik egon naiz hemen, eta Altuna estankoak mendeurrena betetzeak asebetetze handia ematen dit. 100 urte urte asko dira; bezeroei esker iritsi gara kopuru horretara; izan ere, haiengatik ez balitz, ezingo ginateke gaur egungo egoerara iritsi.