Herriko kaleetan ozen entzun dira, beste behin, Natra Oñatiko langileek aldarrikapenak, lan hitzarmen duin baten alde. Lan hitzarmen berria lortzeko negoziaketetan, enpresak egindako proposamenak ez direla "bidezkoak" salatzen dute langileek, eta, era berean, zuzendaritzak lan baldintzak "okertu" nahi dizkietela.
Baldintza horien artean da langileei flexibilitatea eskatzea, eta honek, zuzenean langileen bizi baldintzetan eragiten duela azpimarratzen dute. "Flexibilitatea emateak, aste santuetan, maiatzaren 1ean, opor garaian eta oñatiko jaietan lan egitea eragingo luke. Orain arte ez dugu horrelakorik egin, eta honek urtean 35o egunetan lan egitea ekarriko luke, eta gu ez goaz hori onartzera" adierazi du Alaitz Etxaniz LAB sindikatuko kideak. ELAko Amaia Lasagabasterrek ere bizi baldintzetan izango lukeen eragina adierazi du: "Lanetik kanpo familia, lagunak eta bizitza bat dugu. Lana egiteaz gain, bizitzea nahi dugu".
Beste aldarrikapenen artean dira, soldatak eta kategoriak eguneratzea, aldizkako kontratu finkoak mugatzea eta 4. txandako baldintzak duintzea. Era berean, Natrako langileek, errelebo kontratua "xantaia" moduan erabiltzea eta lan erreformen aurkako blindajea "ez erabiltzea" leporatzen diote enrpesari. Gainera, mobilizazioak hasi zirenetik, langileak zigortzeko neurriak ere aregotu direla salatu dute.
Momentuz, euren aldarrikapen eta eskaerek ez dute inolako erantzunik jaso enpresaren aldetik, eta, enpresak bere aldetik negoizatzeko jarri duten bidea "flexibilitatea ematea" dela aitortu dute ELA eta LAB sindikatuko kideek; argi utzi dute, eurek ez dutela inolako "atzerapausorik" emango. Euren patrtetik, enpresarekin negoziatu eta hitz egiteko ateak zabalik dituztela gaineratu dute.
Lanuzteak martxora arte
Manifestazioaz gain, akordiorik ezean, lanuzteekin aurrera jarraituko dute langileek, momentuz, martxoa amaierara arte. Astelehenetik ostiralera lau orduko lanuzteak egingo dituzte, baita martxoko hiru asteburutan ere. Tarte horietan, manifestazio, kotxe karabana eta bestelako mobilizazioekin jarraituko dute euren desadostasuna agertzeko.
Herriko eragileen babesa
Gaurko manifestaziorako egindako deiak erantzun zabala izan du, izan ere, herritar ugari batu dira Natrako langileei babesa ematera. Horretaz gain, herriko hainbat eragileren babesa ere jaso dute. "Zerrenda luzea da, ia 26 eragile batu dira. Gainera, herriko komertzio eta taberna batzuk itxi egin dute manifestazio orduan. Herriaren babesa dugula sentitzen dugu" azaldu du Lasagabasterrek.