Egun, 208 familia daude herriko zazpi auzo-konpost guneetan izena emanda –Zubibarri, Bidebarrieta, Errekalde, San Martin, San Lorentzo, Eltzia eta Ugarkalde–. Horietan, guztira, 2,7 tona konpost jasotzen da urtean, eta, sistemak dituen "onurak" ikusita, Udalak dei egiten die herritarrei gune horietan izena emateko. Eskuorriak banatzen dihardu egunotan, eta bideo bat argitaratu du.
Martxoan banaketa
Konpost prozesu osoa egiten da guneetan, hezurrak txikitzeraino. "Eginez ikasi da, eta ikasiz egin da; betiere, herriko guneen eta erabiltzaileen beharrak eta sistemaren arrakasta bilatuz, prozesua bera herrira egokituz", azaldu du Ingurumen zinegotziak, Iker Oñatek. Auzo-konpost guneak erabiltzen dituzten familiek %25eko hobaria izango dute zaborraren tasan, eta lehentasuna sistematik lorturiko ongarria jasotzen. Hain zuzen ere, martxoan egingo dute hurrengo banaketa; urtean birritan egitea da Udalaren asmoa.