Euskara jomugan duen oldarraldia aspalditik datorren auzia da, eta hala erakutsi nahi izan du Josu Martinez zuzendariak. "Bizkarsoro herria ez da existitzen, baina, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira, eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira bizkarsorotarrak. 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute Bizkarsoro. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost testigantza, XX. mendeari errepaso soziopolitiko, ekonomiko, kultural eta linguistikoa emateko asmoz", azaldu dute filmaren egileek.
Dokumentalgintzan trebatuta dagoen Martinezek sortutako fikziozko lehen film luzea da, su txikian gozo-gozo egosi duena, bost urtean egindako grabaketak biltzen ditu eta. Iazko Donostia Zinemaldian aurkeztu zuten eta urtarrilaren 12an estreinatu zuten zinema aretoetan. Harrera ona izan du filmak ikusleen zein kritikarien aldetik. "Oso pozik nago, eta harrituta; ez nuen uste horrenbesteko harrerarik izango zuenik. Esango nuke horrek adierazten duela seguruenez badela jende askoren barruan euskaraz bizitzeko trabak sortutako zauri hori, nahiz eta askotan euskararen normalizazioa konpondutako auzia dela adierazten duten batzuek. Trauma asko daudela sumatzen nuen, eta hala ikusi dugu filma egiterakoan; mahaiaren gainean jartzea garrantzitsua da, bizitzako edo gizarteko beste gai batzuekin egiten diren zapalkuntzak salatzen edo erakusten diren moduan", kontatu du filmeko zuzendari Josu Martinezek.
Oñatin asteburuan
Korrika Kulturalaren egitarauaren baitan eskainiko dute gaur, Oñatiko kultura etxean dagoen zinema-aretoan, 22:00etan; baina astelehena bitartean beste hiru emanaldi gehiago izango dira: bihar, zapatua, 19:30ean eta 22:00etan; domekan, 19:30ean eta astelehenean, 19:30ean.
Martxoaren 12an Arrasateko Amaia antzokian izango du filmak hurrengo geltokia, eta han izango da Josu Martinez zuzendaria. Filmaren gaineko informazio gehiago Bizkarsoro.eus atarian dago eskuragarri; adibidez, agenda eguneratua.