Otoitza, bertsoak eta arran-hotsak, Nikolas Segurolari azken agurra emateko

Miren Arregi Amasorrain 2024ko urt. 3a, 20:31

72 urtez bizitoki izan zuen Arantzazuko Santutegian egin zioten azken agurra Nikolas Segurola frantziskotar, artzain eta bertsolariari, atzo arratsaldean. Izan ere, erpin askoko gizona izan da Segurola, baina guztiaren gainetik adiskide, solaskide eta artzain ona, eta dagoeneko joanak diren beste batzuekin batera, Arantzazuko ikono.

Abenduaren 30ean hil zen Segurola 84 urterekin, Arantzazura 12 urterekin iritsi eta bizitza guztia bertan eman ondoren. Atzo egin zioten azken agurra hain maitea zuen Arantzazun, erakundetako ordezkariz, fraidez, senitartekoz eta lagunez inguratuta. Bertan izan ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Oroz.

Umore eta esker onekoa, eta guztien laguna

Segurolak bertsolaritzari, artzaintzari eta Arantzazuri egindako ekarpena izan zuten berbagai bertaratuek. Izan ere, arlo asko ukitu zituen gizona izan zen Segurola, baina, atzo, bereziki nabarmendu zen lagun, adiskide eta gizon handia izan zela. "Nikolas denen laguna zen, adiskidez inguratuta bizi izan da beti. Berdin gerturatzen zen sailburu batengana, edo Gomiztegi inguruan ihesean ikusten zuen ETAko kidearengana; berdin zitzaion banketxeko zuzendariarekin edo Pakistandik etorritako migratzaileekin egotea; berdin tratatzen zituen eskuindar, ezkertiar, aberats, pobre, ikasiak, ikasi gabeak. Denak zituen lagun, berea elkartzea zen", azaldu zuen Arantzazuko Frantziskotarren probintzial Jose Mari Arregik elizkizunean.

Bertsolarien agurra

Bertsoek ere izan zuten tokia, izan ere, Sebastian Lizasok, Andoni Egañak eta Xabier Euzkitzek hitz ederrez agurtu zuten lagun eta bertso-kide izan zuten Nikolas Segurola.

"Bertsolaritzan gai jartzen dezente ibili zen eta bertsotan ere dotore egiten zuen. Bazekien lagun artean bertsotan ondo egiten eta Arantzazun ere, fraideen urtebetetzeetan-eta bertsotan egiten zuela badakit. Entzuna dut 1.000 bertsotik gora dituela berak abestuak edo idatziak eta Arantzazuko artxiboetan gordeta daudela", zioen Lizasok laguna gogoratuz.

Artzaintzari lotua

Segurolaren ekarpenik handiena, seguru asko, artzaintzari eta artzainen profesionalizazioari eginikoa da, izan ere, hura izan zen Gomiztegiko Artzain Eskolaren sortzailea. Horrela gogoratu du Gomiztegiko koordinatzaile Ekain Muruak: "1980ko hamarkada hasieran erabaki zuten Gomiztegin ardiak jartzea eta ordutik zoriontsu zen artzain lanak egiten eta baita sektoreko dinamizatzaile moduan. Hasierako urte haietan osasun kanpainak ziren oso garrantzitsuak, lan handia zegoen zentzu horretan, hobekuntza genetikoan ere bazegoen lana egiteko eta bera izan zen bultzatzaileetako bat eta Gomiztegiko artaldea beti izan da erreferentzia genetika mailan. Gero, hurrengo pausa izan zen profesionalizazioarena. Berak, beste artzain eta teknikari batzuekin batera ikusi zuen profesionalizazioaren beharra. Artzain izateko gogoa zuten gazteek ikasketekin etorkizun hobea izango zutela pentsatu zuten eta ordutik, gaur arte".

Zentzu horretan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak nabarmendu zuen artzain eskola martxan jartzeak suposatu zuena. "Zenbat artzain formatu dituen hainbat eta hainbat urtetan eta ez hori bakarrik, beste sektore batzuetara eraman den eskola sortu baitzuen. Maite zuen egiten zuena eta maite zuen hori besteei ere ematen zien. Berak partekatu zuen barruan zuena eta eman egin zuen beste hainbat arlotan ere, bertsolaritzan, euskalgintzan eta abar".

Arran-hotsak, agur esateko

Elizkizuna bukatzeko eta Arantzazuko Ama Birjinaren ereserkia abestu aurretik, arran-hotsek hartu zuten santutegia. Bukaera borobila, bizitza ardien zaintzari eman zionarendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak