Luis Martin-Santosen ibilbidea biltzen duen erakusketa aurkeztu dute Oñatin

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko abe. 21a, 13:10

Ezkerretik eskuinera, Martin-Santos, Gonzalez, Roncal, Martin-Santos, Telleria eta Izaola, gaur eginiko aurkezpenean. Irudia: Goiena.

Psikiatra, idazlea eta politikari sozialista zen Martin-Santos, eta Ramon Rubial Fundazioak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak ondu dute lana, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailaren laguntzarekin.

Luis Martin-Santos Ribera. Bere garaiarekiko konprometitutako pertsona erakusketa aurkeztu dute gaur Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialean. Hamalau paneletan banatu dute lana, bultzatzaileen esanetan, "Luis definitzen duten ikuspegi guztiak" jaso ahal izateko. Ramon Rubial Fundazioak eta EHUk ondu dute lana, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta, adierazi dutenez, "psikiatra, idazlea eta politikari sozialista" izan zen Martin-Santos.

Blanca Roncal Ramon Rubial Fundazioko presidenteordea, Amaya Izaola eta Carmen Gonzalez Guerra erakusketaren komisarioak eta Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria izan dira inaugurazioan. Horrez gain, hara gerturatu dira Rocio Martin-Santos eta Luis Martin-Santos ere, Martin-Santosen seme-alabak.

Ibilbidearen xehetasunak

Erakusketaren bultzatzaileek azaldu dutenez, Marianisten ikastetxean amaitu zuen Batxilergoa, Donostian, eta Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen medikuntzan eta kirurgian. Are, doktore titulua ere eskuratu zuen Madrilgo Unibertsitatean, eta 1952an ezkondu zen Rocio Laffon Bayorekin. "Garai hartan, aldaketa bat gertatu zen haren baitan, ez bakarrik maila pertsonalean, baina esparru profesionalean eta harreman sozialetan, literarioetan eta politikoetan ere". Haien arabera, sarritan joaten zen Donostiako Errante akademiara, "non ideia politiko dibergenteak eta erregimenaren aurkakoak biltzen ziren". "Donostiako bilera eta harreman horietatik, eta Madrilgo lagunengatik, Luisek bere ibilbide politiko eta sozial kritikoa eta konpromiso pertsonala taxutu zuten ideiak jaso zituen".

Erakusketako paneletako batzuk. Irudia: Goiena.

Martin-Santos lau aldiz atxilotu zuten, eta espetxean ere izan zen Carabancheleko kartzelan. Besteak beste, "jarduera subertsiboak" eragitea leporatu zioten atxiloketa aldietako batean. Azkenean, ordea, 1964an hil zen, 39 urte zituela, Gasteizen izandako auto istripu batean.

Bada, erakusketa ikusi nahi duenak urtarrilaren 4ra arte izango du aukera, 08:30etik 14:30era. Martitzenetan, aldiz, zabalagoa da ordutegia: 08:30etik 18:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak