Piktogramak egin dituzte herriko hainbat zebra-bidetan

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko aza. 29a, 09:52

Piktogramak margotutako zebra-bideetako bat

Piktogramak marraztu dituzte herriko 24 zebra-bidetan, autismoa duten haurren autonomia eta bide segurtasuna indartzeko. Udalaren eta ikastetxeen Bagabiltz-Eskolako Bidea proiektuan sartzen da egitasmoa, eta zirkulazio handiko guneetakoak, eta ikastetxeetara eta espazio edo ekipamendu publikoetara doazen zebra-bideak lehenetsi dituzte.

Udalak eta herrik ikastetxeek elkarlanean duten Bagabiltz Eskolako Bidea proiektuaren barruan, herriko 24 zebra-bidetan piktogramak marraztu dituzte, autismoa duten haurren autonomia eta bide-segurtasuna indartzeko asmoz. Diote autismoaren Espektroaren Nahasmendua (AEN) duten pertsonek zailtasun kognitibo bereziak dituztela, horrek zaildu egiten diela herritarrentzat orohar diseinatu diren zenbait mezu edo egoera ulertzea eta horretan lagundu gura dute piktograma hauekin. "Oinez doazenean, kolektibo honek ez ditu beti ondo ulertzen oinezkoen pasabideak, beren marka zuriekin asfalto gainean. Aldiz, ilustrazio edo piktogramek informazio errealagoa ematen diete zebrabideak zeharkatzeko orduan izan beharreko arreta eta hartu beharreko babes neurrien inguruan". Piktogramen bitartez, errepidea gurutzatu aurretik jarraitu beharreko pausuen sekuentzia lurrean margotu dute, oinezkoen pasabideak kognitiboki irisgarriago egiteko egokitu dira. "Horrela, pertsona horiek hobeto uler dezakete zer egin behar duten zebrabide batera iristean, autonomia pertsonala eta bide-segurtasuna areagotuz".

Irisgarriagoa

Oñatin, 24 pasabide seinaleztatu dituzte. Udal eskumenekoak izanda, zirkulazio maila handia duten guneak eta ikastetxeetara, jolasguneetara eta espazio edo ekipamendu publikoetara doazen zebrabideak lehenetsi dituzte. "Ekimen honekin pertsona guztiek, eta bereziki autismoaren espektroaren nahasmendua duten haurrek, irisgarritasunerako duten eskubidea bermatu nahi da". 

Piktogramen sekuentzia Tevial elkarte andaluziarrak eta Sevillako unibertsitateko Carlos Hervás Gómez irakasleak garatu dute. Piktograma horiek lortzeko, 1.800 pertsonarekin egin da lan, eta unibertsitateko irakasleez gain, udaltzainek, osasun langileek eta Autismoaren Espektroaren Nahasmedua duten neska-mutikoen familiek parte hartu dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak