Oñatiko Euskaldun Berriako aretoa goraino bete da gaur Roberto Altunaren liburu aurkezpenean. Altunak Juan Martin Elexpuru idazlea izan du aurkezpenean ondoan, eta aurkezpen ekitaldia modu berezian amaitu dute, kantuan. Horretarako, Arantzazu Sagarzazu kantariaren laguntza izan dute.
Gure Kantona liburuan herriko euskarak, batuak eta gaztelaniak bat egiten dute, eta hainbat atal ditu liburuak. "Zailena laburpen lana izan da. Materiala urte askoan joan naiz batzen, beste batzuek egindako lanean ere oinarritu naiz. Baina, garbi neukana zen aukeraketa bat egin behar zela, ezinezkoa delako dena erakustea. Hala, muinera joatean egon da lan handiena, garrantzitsuena nabarmentzea, formatu honetan jendeak bilatu nahi duen hori eskura izan dezan, modu ulergarrian. Hor egon da benetako lana. Hala, liburuan planteatzen dena da sekulako saltoa dagoela kaleko euskaratik eskoletan irakasten denera, komunikabidetan erabiltzen den euskarara. Eta, liburu honek neurri handian bi euskara horien artean zubi-lana egiten du. Nik lanketa hori Oñatin egin dut, baina beste edozein herritan egin daiteke berdin-berdin", adierazi du Altunak.
Dagoeneko eskuragarri
Gure katona liburua eduki gura duenak eskuragarri du dagoeneko herriko hainbat lekutan: "Liburua egongo da eskuragarri Oñatiko liburu-denda guztietan, Txokolateixan, turismo bulegoan, euskaltegian eta udalaren web orrialdean; bi euroren truke, merke-merke. Horrez gain, liburu kaxa bat ere bidaliko dugu Durangoko Azokara, eta eskuragarri egongo da Badihardugu Euskara Elkartearen postuan".