Zaintzaileen eta etxeko langileen eskubideez egin du hitzaldia Liz Quintana Cantero legelariak (Barakaldo, 1966) astean Oñatin, Eltzian, zaintza gaitzat hartuta Udalak antolatu duen hitzaldi zikloaren barruan. Bilboko Trabajadoras No Domesticadas taldearekin egiten du lana, formazioa eta informazioa eskaintzen, "eta, azkenaldian, zaintza sistema ezberdina, justuagoa, izan dadin gizartea berrantolatzen saiatzen, horretan laguntzen".
Noiz hasi zinen zaintzaileen eta etxeko langileen eskubideen alde lanean, eta zer aldatu da ordutik?
1990ean hasi nintzen gai honekin espazio feministetan lan egiten, eta pauso txikiak eman direla ikusi dugu, baina oso astiro doa. 2018an lehen greba feminista egin zenetik, baina, pisua, espazioa hartu du gai honek mugimenduan, eta hori aurrerapauso bat dela uste dut; orain, gaia ulertzeko beste modu bat dagoela uste dut. Administrazioek ere egiten dituzte saiakerak, baina askotan diskurtsoa hartzen dute; edukiz hustu eta fatxadekin gelditzen dira.
Langile hori emakumea da oraindik ere?
Bai, ehuneko handi batean. Historikoki emakumeei lotu zaizkie zaintzaren baitako lanak, eta horiek etxetik atera eta kanpoko beste espazioetan gauzatzen hasi zirenean, edo etxe barruan baina kontratatutako zerbitzu moduan, emakumeek jarraitu dute egiten. Naturalizatu egin da emakumeak zaintzaileak garela. Eta greba honekin zabaldu gura dugun mezuetako bat da honek denoi eragiten digula. Hau ez dela emakumeen ardura bakarrik esan gura dugu, guztiona, konpartitua baizik.
Lan eskubideez gain, zer diote jasotzen duten tratuaz?
Lan horiek ikusezinak dira, eta hori ez da kasualitatea; apropos daude horrela egituratuta. Lan baldintza prekarioetan egiten dute lana, eta baita bizi baldintza oso gogorretan ere. Asko dira 24 orduz etxe batean daudenak, lanean, deskantsurako aukera barik. Kontrola, boterearen gehiegikeria, arrazismoa, klasismoa... Ondorio larriak ditu horrek guztiak, fisikoki zein psikologikoki. Eraso sexualak ere gertatzen dira. Lan ikuskaritzak dio etxe barruko kontutan ezin direla sartu, eta horrela da, baina ez etxe hori lan eremua bada eta giza eskubideen aurkako egoerak gertatzen direnean; langilea babestu behar da.
Zer aldatu behar da?
Ulertu behar dugu zaintza gizarte osoari eragiten dion gaia dela, herritar guztioi eta instituzioei. Hori ulertzea aldaketa hastea da. Gizonak ere sartu behar dira honetan, eta baita administrazioak ere. Administrazioek bermatu behar dituzte baliabideak eta zerbitzuak zaintza baldintza onetan egiteko, eta zaindua den herritarra ondo zaintzeko. Hortik aurrera norberak aukeratuko du nolako zaintza egin edo hartu, baina hori bermatuta egon behar da. Dena dela, pertsona ez ezik ingurua ere zaindu behar da. Hau da, gizakia ez da isolatuta bizi; eta hiriak, kaleak, landa eremuak, elikadura, osasuna... ere zaindu behar dira. Bestalde, zaintzaren gaia negozio ari da bihurtzen enpresa askorendako, eta horrekin amaitu beharra dago. Langileen baldintzak ez dira onak izaten, eta zainduaren egoera ere ez.
Zergatik egin greba datorren azaroaren 30ean?
Greba hori ez da greba hutsa; pauso bat da esateko nola egin gura dugun zaintza Euskal Herrian. Produkzioa geldituko da eta zaintzako langileen eskubideen alde egingo da, baina ez hori bakarrik, baita hausnartu behar hori ikusarazi ere, kolektiboki. Hasita gaude lan horretan, eta jarraituko dugu grebaren ostean ere.