Osasun Sareak 2019. urtean martxan jarritako ekimena da Nerabeak Astintzen, eta Oñatiko gazteen kezkei eta premiei erantzuteko eta gazteen osasuna eta ongizatea sustatzeko asmoarekin jarri zuten abian proiektua. Gazteei entzutea eta haien interesak ulertzea du ardatz, baita elikaduraren, atsedenaren, ariketa fisikoaren eta emozioen inguruko orientazioa ematea ere, betiere osasuna ikuspegi nagusitzat hartuta.
Gazteen ongizatean inbertsioa
Anbizio handiko programa honekin, ikasleen behar fisiko eta emozionalei erantzutea du helburu Nerabeak Astintzen programak. Era berean, programa honen bitartez, ezagutzak ematen dizkiete gazteei, eguneroko bizitzan erabaki osasungarriak eta ondo oinarritutakoak hartzen laguntzeko. Ekimenetik uste dute saioetan lantzen dituzten gaien ikuspegi integral horrek laguntza emango diela gazteei bizimodu osasungarri bat izateko, eta nerabezaroko erronkei konfiantzaz eta erresilientziaz aurre egin ahal izateko. Hala, gazteak ezagutzen transmititzaile izango dira, eta praktikan jarriko dute ikasitakoa.
Aurten, saio gehiago
Programa honek herriko ikastetxeen laguntza du, eta horrek POZ Jarduera Fisikorako Orientazio-zerbitzua ikasgeletan sartzea ahalbidetzen du. Azken urteetan, bilakaera handia izan du programak, eta, 2023-2024 ikasturteari begira, interbentzio-ordu gehiago egingo dituzte. Guztira, ordubeteko 28 saio izango ditu programak. Horietatik hamalau saio emozioak lantzeko izango dira; zazpi saio jarduera fisikorako, eta beste zazpi saio elikadura kontuetarako.
Esku-hartzea egin baino lehen, esku-hartzea egin bitartean eta amaitutakoan, neurketak egingo dituzte interbentzioek gazteengan duten eragina ebaluatzeko, baita horien baliozkotasuna egiaztatu eta, behar izanez gero, aldaketak egiteko ere. Saio hauek gidatzeko hezitzaileen taldea hiru profesionalek osatzen dute: Jone Galdosek emozioak landuko ditu, Amaia Diaz de Monasteriogurenek elikadura, eta Pello Uriartek ariketa fisiko osasungarria egiteko saioak zuzenduko ditu.
Programako hezitzaileak
Pello Uriarte, Jarduera Fisikoko Orientatzailea:
"Helburua gazteek bizimodu aktiboa izan dezaten baliabideak ematea da. Horretarako, modu praktikoan, herrian dituzten aukera ezberdinak ikusi eta aztertzen ditugu. Era berean, halako adinetan, taldekako kirol jarduerak alde batera uzteko joera dago; beraz, jarduera fisikoa egiteak duen garrantziaz ohartaraztea ere gura dugu, eta horretarako ere herrian dituzten baliabide ezberdinak erakusten dizkiegu. Mugimenduari lotutako jarduera guztiak onuragarriak dira; beraz, gazteekin lanketa hori egitea garrantzitsua da".
Amaia Diaz de Monasterioguren, Dietista:
"Jaten dugun guztia ez da janaria, eta gure gorputza nola elikatu ikasten ari gara. Plater osasuntsuak osatzen eta osotzen erakusten diegu ikasleei, eta egunean zehar jaten dutenari garrantzia ematen ere bai. Hori guztiz lotuta doa ondoren egingo duten jarduera fisikoarekin; beraz, kontzientzia hori sortzea ere garrantzitsua da. Era berean, gazteei euren gorputzak entzuten eta zaintzen erakusten saiatzen gara, elikadura emozionala eta fisikoa izan daitekeelako. Dena tailer dinamikoen bitartez".
Jone Galdos, Osasun Psikologoa:
"Osasuna ez doa soilik ongizate fisikoari lotuta, eta kasu honetan gazteak jakitun izan behar dira maila emozional, sozial eta psikologikoan ere ongizatea izan behar dutela. Horretarako, saio hauetan, emozioak identifikatzen eta ulertzen, eta horien inguruan hausnar dezaten saiatzen gara; horretarako baliabideak ematen dizkiet nik. Era berean, nerabeek euren nortasuna modu osasuntsuan eraikitzea ere bada beste helburuetako bat, eta hemen ere nortasun hori eraikitzeko baliabideak ematen saiatzen naiz".