Hitanoa bultzatzen ari diren eragileak elkartu dira Oñatin I. Hika topaketan

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko aza. 10a, 13:55

Euskal Herri osotik etorritako 80 lagun elkartu dira goizean Eltzian, Oñatin egiten ari diren Euskal Herriko I. Hika topaketan parte hartzeko. Herri batean eta bestean hitanoa bultzatzen ari diren eragileak batzea izan da topaketa honen helburua, elkar ezagutzeko eta elkarlanerako bideak planteatzeko. Hitzaldiak, mahai-inguruak zein talde hausnarketa etz ariketak egin dituzte goiz eta arratsalde. 

Euskal Herriko lehenengo hika topaketa egin dute gaur Oñatin. Badiharduguk eta Udako Euskal Unibertsitateak antolatu du, Oñatiko Udalaren laguntzarekin. Herri batean eta bestean hitanoa bultzatzen ari diren eragileak batzea izan da topaketa honen helburua, elkar ezagutzeko eta elkarlanerako bideak zein izan daitezkeen pentsatzeko. Hitzaldiak eta mahai-inguruak egin dituzte, hitanoa bultzatzeko sortutako hainbat esperientziari buruzkoak. Adibidez, Zarauzko, Durangaldeko, Leitzako Markina-Xemeingo, oztibarreko eta Oñatiko esperientziak partekatu dituzte.

Hika bultzatzen ari diren askorendako erreferente da Oñati. Ingo Xonau! ekimenarekin batera egiten ari den lanketa da oinarria: liburuxka, aplikazioa, hika egunak, hika txuleta… Eta ez da kasualitatea izan Euskal Herriko I. Hika topaketa Oñatin egitea.

Hitanoaren egoera oso ezberdina da egun Iparraldean, Nafarroan, Bizkaian edo Gipuzkoan. Gipuzkoan bertan, euskararen asnasguneetan mantendu da ondoen eta hala ere errealitateak ezberdinak dira herri batean edo bestean. Oñatin esaterako, bizirik dago gizonezkoen artean, baina erabilera motelagoa da emakumeen artean, eta hori bultzatzen ari dira. Egoera orokorra, hala ere, ez da oso ona, baina hori konpontzeko gogoa badagoela ikusi da topaketa honetan. Horren erakusle da gaur Oñatin elkartu den taldea. Ibilbide baten hasiera-puntua izatea ere bada asmoa.

 

Argazkia: Idoia Torregarai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak