Idoia Etxeberria: "Herritar askok uste du hika mutilen arteko hizkera dela"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko aza. 10a, 09:04

Euskal Herriko I. Hika Topaketa egingo dute gaur Oñatin; hitanoa bultzatzen duten eragileak elkar ezagutzea du helburu, eta Idoia Etxeberria oñatiarra aritu da antolatze lanetan.

Euskal Herriko I. Hika Topaketa egingo dute gaur Oñatiko Eltzian Badihardugu Euskara Elkarteak eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatuta, Oñatiko Udalaren laguntzarekin. Badiharduguko kide, Ingo Xonau! proiektuko koordinatzaile nahiz topaketaren antolatzaileetako bat da Idoia Etxeberria (Oñati, 1977).

Zergatik lehen topaketa Oñatin?

Ez da kasualitatea Oñatin izatea. Badihardugun 20 urte baino gehiago daramatzagu euskalkiak eta hitanoa elkarrizketetan jasotzen. Beste herri batzuetan ere bai, baina Oñatin Ingo Xonau! proiektuarekin gabiltza, eta sortu zenetik ekimen dezente egin ditugu. Oñatiko Udala hasieratik egon da Ingo Xonau! babesten; horregatik, pentsatu genuen polita izango litzatekeela beste leku batzuetako jendea ezagutu eta EHko topaketa sortzea.

Helburua da hitanoa bultzatzen duten eragileek elkar ezagutzea. Zergatik?

Azken urteetan hitanoa bultzatzen gero eta jende gehiago dabil, baina azkenean, ez dugu elkar ezagutzen askotan eta sakabanatuta gaude. Topaketaren helburua hori da; apur bat indarrak batzea.

Zertan oinarritu zarete gaurko egitaraua antolatzeko?

Goizean hitzaldiak eta mahai-ingurua egingo ditugu. Euskal Herriko txoko ezberdinetako bederatzi esperientziaren berri emango dugu ikuspegi orokor bat edukitzeko. Arratsaldean lan-mahaiak egingo ditugu talde txikietan banatuta. 80 lagun izango gara. Guztiek izango dute aukera iritziak eman, esperientziak kontatu eta proposamenak egiteko. Bilketa garrantzitsua da aurrera begira zer egin, zelan saretu eta elkarrekin zer egin dezakegun erabakitzeko. Hor jasotako informazioaren ondorioak bidaliko dizkiegu parte-hartzaileei. Balioko digu beste topaketa bat antolatzeko ere.

"Topaketak balioko du elkarri animoak eman eta ikusteko ez gaudela bakarrik"

Lehen Topaketa ondorengoen abiapuntu izango da.

Gura genuke jarraipena izan eta abiapuntu izatea. Ikusiko dugu hurrengo topaketa non, zelan eta zenbatean behin egiten dugun. Oraindik zehaztu barik dago. Uste dut honek balioko duela elkarri animoak eman eta ikusteko ez gaudela bakarrik. Hortik errazagoa izango da gauzak elkarlanean egitea.

Ingo Xonau! aipatu duzu. Zuek martxan jarritako ekimenak erreferente izan dira beste herrietan.

Halaxe da. Oñatiko hika poltsikaran liburuxka atera genuen, eta bertsio ezberdinak egin dituzte Durangaldean, Usurbilen, Oiartzunen eta Azkoitian. Appa Hi! aplikazioa ere atera genuen Oñatiko hitanoa ikasteko; ondoren, euskara batukoa. Eta hilabete honetan beste bi bertsio aurkeztuko dira: Leintz eskualdekoa –Arrasate, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Leintz Gatzagarako– eta Eibarkoa. Harrera ona izan duen beste ekimena izan da aplikazioarena.

Nabaritzen duzu halako ekimenak martxan jartzean hitanoaren erabilera hazten dela?

Ez nizuke esango pila bat, baina aldaketak egoten dira. Nik ez nekien hika berba egiten eta orain gai naiz hika berba egiteko 10 bat lagunekin.

Hitanoaren egoera zein da?

Egoera dezente aldatzen da lekutik lekura. Bizkaiko kostaldean aspaldi galdu zen; Iparraldean, Zuberoan mantendu da ondoen. Dena den, Gipuzkoan mantendu da, batez ere, euskararen arnas guneetan. Halere, orokorra dena da nokaren egoera askoz okerragoa dela tokarena baino.

Eta hori zergatik da?

Genero ikuspegiari lotutako kontuak daude. Emakumeak hika berba egitea ikusi izan da "fina" izango ez balitz bezala, hizkera zakar modura. Orduan, finago berba egiteko zukara jo du, eta noka oso eremu intimoko zerbait bihurtu da. Faktore gehiagok ere bultzatu dute. Garai batean, mutilek bazituzten leku batzuk informalak zirenak –futbola, taberna...–. Herritar askok uste du hika mutilen arteko hizkera dela.

"Hitanoak gertutasuna ematen du; nortasuna ematen duen hizkera da"

Zergatik animatu herritar bat hika hitz egitera?

Gertutasuna ematen du, konfiantza, erregistro berezi bat. Aberastasuna ematen dio hizkerari, oso geurea da; oraindik bizirik dago, eta galtzea pena litzateke. Nortasuna ematen duen hizkera da. Matxismoarekin lotutako arazoa dago, eta horri denok eman diezaiokegu buelta, parez pare eta berdin.

Euskal Herriko I. Hika Topaketaren egitaraua

09:15 eta 09:45 bitartean, harrera eta dokumentazio banaketa egingo dute, eta ondoren ongi etorria egingo dute Oñatiko Udalak, UEUk eta topaketaren antolatzaileek. 10:00etan, Badiharduguko Aintzane Agirrebeñak Topaketaren testuingurua hitzaldia eskainiko du. Goizeko lehen mahai-ingurua 10:30ean izango da eta bost gonbidatuk –tartean da Etxeberria– hitanoa bultzatzeko esperientziak kontatuko dituzte. Bigarren mahai-inguruan, 12:15ean, hitanoa ikastetxeetan izango dute hizpide.

Arratsaldean, 15:00etan abiatuko da topaketa, lan-mahaietan. Taldeetan banatuta, iritziak eta esperientziak partekatu nahiz gogoetak eta proposamenak egingo dituzte. Hortik aterako dira aurrera begirako pausoak zehazten lagunduko duten ondorioak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak