Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen defentsa egin du Eudelek, euskararen gaineko epaiaren aurrean

Mirari Altube Arrese 2023ko urr. 19a, 15:07

Eudelen batzorde eragilea, horien artean Oñatiko alkatea, elkartuta gaur, Bilbon. (Argazkia: Eudel)

Euskadiko Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak euskarari buruz eman berri duen epaiaren aurrean Euskal Udalen Elkartearen (Eudel) Batzorde Eragileak adierazpena onartu du gaur, Bilbon egin duen lehenengo ohiko bileran.

Epai horrek 179/2019 Dekretuaren zati bat baliogabetu du, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean (ETEL) aitortutako euskararen erabilera instituzionala eta administratiboa garatzeko. Eudelek berretsi egin du ETELen defentsa, "ezinbestekoa delako euskararen erabileraren sustapenerako". Eta uste du epai hori toki-autonomiaren aurkakoa dela. Hala, larritzat jo du euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu eta lan-hizkuntza dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetzea. Adierazpenean gaineratu dute oztopo dela toki-erakundeen funtzionamendurako udalek hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak ezin ezartzea.

Hona hemen alkateen adierazpena osorik:

1.- Aurretik, Konstituzio Auzitegiaren epaian egin bezala, Eudelek berretsi egin du ETELen defentsa, udal-autonomiaren eta toki-erakundeen eskumenen bermatzaile gisa, zehazki, euskararen esparruan. Legea ezinbestekoa da euskal udalek euskararekiko duten konpromisoa eta euskal udalerrietan euskararen erabileraren sustapena gauzatzeko, herritarrekin duten hurbiltasunetik abiatuta.

2.- Eudelek uste du epai berri hori toki-autonomiaren aurkakoa dela, eta hizkuntza arloko udal-eskumenen garapen osoa mugatzen duela. Eudeleko Batzorde Eragileak bereziki larritzat jotzen du euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu- eta lan-hizkuntza dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetzea. Funtsezko beste artikulu batzuk ere deuseztatzen dira, hala nola, kontratazio publikoan euskara baloratzeko aukera ematen dutenak edo udal-jarduerak euskaraz egin ahal izateko hizkuntza-plangintza ahalbidetzen dutenak. Alderdi horiek eta beste batzuk funtsezkoak dira herritarrek beren hurbileko administrazioarekin harremanetan jartzeko hizkuntza ofiziala aukeratzeko duten eskubidea bermatzeko.

3.- Udalek hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak ezin ezartzea, ez barneko ezta kanpoko mailan ere, oztopo da toki-erakundeen funtzionamenduan eta, are kezkagarriagoa, euskal herritarrei ematen dizkieten zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeko. Kaltetuenak euskara gehien erabiltzen den eta ohiko hizkuntza den udalerrietako herritarrak dira.

4.- Adostasun politiko eta instituzionalak eta euskal gizartearen elkarlanak, euskal hiztunen komunitatearen bultzada borondateagatik, euskararen bizitasuna indartzea ahalbidetu du gure herri eta hirietan. Eudelek egungo egoera balioan jartzen du, estatuan eta Europan hizkuntza koofizialen erabilera errazteko urratsak egiten ari baitira, eta, hori horrela, guztion artean eraikitzen joan den legeriaren bidez, hizkuntza-eskubideen garapenean aurrera egiten jarraitzeko erronka eta aukera baita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak