Arnasaldiak du izena Iker Martinez eta Zaldi Herrenak taldearen disko berriak; laugarrena Marti-rendako, bigarrena taldearendako. Orain arteko "rockeroena" edo "elektrikoena" batetik, eta aurrekoak baino "gardenagoa", bestetik.
Gain grabaketarik barik
Diskoa grabatzeko moduak eman dio emaitzari gardentasuna. Sistema analogikoan grabatu dute hein handi batean. Ordenagailuekin egin daitezkeen muntaietatik urrundu gura izan du taldeak oraingoan, eta den moduan azaldu. "Guk gurea egin dugu, dakigun moduan eginda musika. Denok batera jo ditugu kantak. Diskoak ez ditu horrenbeste perfekzio kapa; naturala da, zintzoa da alde horretatik", azaldu du Marti-k. Martxoan grabatu zuten diskoa Andoaingo Garate estudioan, eta ez dago gain grabaketarik, elkarrekin jo zituzten kantu guztiak.
Zortzi kanta eta lagun asko
Aurreko denak baino "rockeroagoak" diren zortzi kanta ditu diskoak. "Ahotsa zaintzen saiatu gara. Kanta batzuk, gainera, bi ahotsetara abestu ditugu. Esango nuke eboluzio bat ikusten dela lan honetan". Marti-renak dira kanten letrak eta baita doinuaren oinarriak ere, konponketak denen artean egin badituzte ere. "Kanten letrak, zehatzak izan barik, difusoagoak dira. Arnasa hitza askotan agertu da, egoera ezberdinetan erabilita, eta hortik datorkio izena diskoari, Arnasaldiak". Taldea osatzen duten bost lagunen ondoan izan dira, gainera, grabaketa honetan, Oskar Arlanzon, Ander Etxaniz, Iraia Aizpuru eta Ane Arruti.
Eta audioko grabaketa ez ezik, irudi batzuk ere grabatu dituzte estudioan egindako egonaldian. Dokumental bat egingo dute irudi horiekin, eta diskoko kanten grabazio uneak, taldekideen hausnarketak zein beste bitxikeria batzuk jasoko ditu ikus-entzunezko horrek. Datozen egunetan argitaratuko dute dokumentala.
Denboraldiko lehendabizikoa
Domeka eguerdian, 12:30eko matinee-an, aurkeztuko du taldeak disko berria. Kanta berriak ez ezik, zaharrak ere joko dituzte, eta umeei zein nagusiei egin gura die gonbidapena Martinez de Zuazok, bertaratzeko. Diskoa kontzertuan erosi ahal izango da lehen aldiz, CD formatuan. Eta kontzertu horrek emango die hasiera, hain zuzen ere, gaztelekuko ikasturte berriko kontzertuei. Baita matinee zikloari ere, izango duelako jarraipena formatu horrek.