2017an abiatu zuen bere bakarkako proiektua Iker Martinezek, eta bidean hiru disko sortu ostean, laugarrenarekin dator orain, Arnasaldiak. Izenburu honek ezin hobeto biltzen du Iker Martinezen unibertso musikala. Kantuek aurrera egiteaz hitz egiten dute, indarrak batzeaz, zailtasunak gainditzeaz. Bazterretik idazten du, barnetik, epikatik urrun, zalantzetatik… Horregatik, sortzen dituen istorioak, bereak ez ezik, guztionak izan daitezke. Denboraren aurrera egitea, maitasun galdu eta aurkituak, bakardadea, barne askatasuna, gatazka, ziurgabetasuna… Guztiok egon gara hor noizbait. Guztiok behar dugu arnasa. Eta guzti hori, bere lantaldearekin, Zaldi Herrenekin landu du. Rock lasaia, pop-a, countrya… Musika harmoniatsu eta irekia lantzen dihardute azkenengo urteetan, jadanik hiru disko grabatu dituen formazio finkoarekin. Verduri Hall-en emango duten kontzertu honetan lehen aldiz entzun izango dira abesti berriak zuzenean, eta lehen aldiz erosi ahal izango da diskoa CD formatuan.