Iñigo Erle: "Txapelketa hasi zenetik gozatzen saiatu nintzen"

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko urr. 6a, 14:09

Iñigo Erle domekan irabazitako txapela eskuan duela. Argazkia: Iñigo Erle.

Duela bi urte ere txapela jantzi zuen, orduan gazte mailan. oraingoan, 23 urtez azpiko mailan, balentria errepikatzea lortu du, gertukoen babesa alboan zuela

Iñigo Erlek ez ditu berehalakoan ahaztuko igaro berri diren Oñatiko jaiak, eta ez bereziki parranda egiteagatik, San Migel torneoko txapela jantzi zuelako baizik. Final estu bezain lehiatuan, Zubizarretarekin bikotea osatuz, 22 eta 19 irabazi zioten Oskoz-Oliden bikoteari. Pilotari oñatiarra "oso gustura" dago, eta sentsazioak ere "oso onak" izan dituela azpimarratu du.

Badirudi San Migel txapelketarekin zerbait berezia duzula...

(Barrez) Bi urtez jarraian ez bada ere, bi urtez irabaztea lortu dut. Egia da, Oñatiko txapelketa izanik xarma berezia duela niretzat, eta gertutasun hori sentitzeak aparteko berezitasuna ematen dio nire ustez txapelketari.

Hori da hori sufritzea txapela ira- bazteko...

Bai, hasieratik garbi nuen finala irabaztea oso zaila izango zela. Nire zalantzak izan nituen hasieran, lau egunetan hiru partida jokatu nituelako, eta tartean, gainera, herriko jaietako Herri Eguna zegoen; horregatik, zalantzak nituen ea finalaren egunera nola iritsiko nintzen. Egia esan, nahiko fresko iritsi nintzen eta eskuetatik ere konfiantza askorekin. Partidari dagokionez, detaile txikietan erabakitzen dira horrelako finalak, eta hor, guk zertxobait gehiago asmatu genuen amaierako zatian, baina orokorrean, lau pilotariok oso partida txukuna burutu genuen.

Harmailak beteta, etxekoak eta lagunak gertu... horrelakorik espero zenuen?

Ez nuen espero hainbeste jende etorriko zenik, eta zentzu horretan niretzat bultzada berezia izan zen; animo asko jaso nituen. Gainera, pilotalekua horren betea ikusteak kantxan gauden lau protagonistok gure onena ateratzea eragiten du.

Ez zenuen zure aurrelariarekin jokatu finalean. Horrek beste balio bat ematen dion txapelari?

Bai. Ostegunean elkarrekin jokatu genuen eta antzeman nion ez zela aurrealdean behar beste sartzen jokoan, eta gero esan zidan ezin izango zuela finala jokatu. Horrelako kasuetan, azken orduko aldaketa horiek norberaren kalterako hartzen dira, baina ikasi dut horrelakoak jokoaren parte direla eta negatiboki beharrean, positiboki begiratu behar zaiela aldaketa hauei.

Duela bi urteko txapelak eta orain- goak ze berezitasun ditu?

Hasteko, esango nuke txapelketaren maila igo egin dela. Duela bi urte ere maila ona zegoen, baina urtetik urtera Aloña Mendi Pilota Sailaren lanaren bitartez, eta, Ander Biain tartean sartu dela kontuan izanik, maila aldetik beste puntu bat irabazi du txapelketak. Gainera, orain dagoen maila ikusita, irabazteak ere beste poztasun bat eman dit.

Eta duela bi urteko Iñigo Erlek eta oraingoak?

Mundu guztiaren moduan, norbera ere garatzen doa gutxinaka. Duela bi urte ondo jokatu arren, orain, batez ere aldatu dena gauzak hartzeko modua izan da. Txapelketaren hasieratik disfrutatzeko asmoarekin kantxaratu nintzen, eta finalaren kasuan ere, partidu normal bat gehiago bezala hartu dut, eta horrek gauzak beste modu batera bizitzen lagundu dit.

Aurrerantzean zer dator?

Buru-belarri nabil orain Gipuzkoako txapelketan murgilduta, eta Tolosako txapelketa edo Diario Vasco torneoa ere begiz jota ditut. Hortik aurrera suertatzen diren aukerak aprobetxatzen saiatuko naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak