Xabier Berasaluze 'Leturia': "Ondo pasatzera igotzen naiz oholtza gainera"

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko ira. 30a, 10:23

'Leturia' pandero jotzailea.

Tapia eta Leturia Band taldeak kontzertua egingo du domekan, 19:00etan, txosnagunean. Oñatira "oso gustura" datozela dio Xabier Berasaluze 'Leturia'-k (Villabona, 1954): "maite dugu Oñati".

Nolako kontzertua izango da Oñatin eskainiko duzuena?

Ordu eta erdiko iraupena izango du eta gure betiko kantak joko ditugu, baina beste modu batera. Hasierako Tapia eta Leturia talde hark hamabi disko atera zituen, eta kantu horietako batzuk joko ditugu. Kantutegiari errepasoa emango diogu, baina erritmoa beste bat izango da pieza askotan.

Moldatu egin dituzue piezak?

Joseba Tapiak egin ditu moldaketa denak, bai. Kantuak, baina, berdinak izango dira: hitzak betikoak, ezagunak. Garrantzia ematen diogu hitzari. Idazle, olerkari zein bertsolari askoren laguntza izan dugu beti kantak egiteko, zerbait esan gura dugun hitzak biltzeko, eta horiek ez ditugu aldatu.

Zer-nolako taldea egongo zarete domekan?

Ondo babestuta egongo gara. Guztira hamaika lagun izango gara emanaldian. Musikari onak guztiak. Bateria jotzailea egongo da, adibidez; baxua ere entzungo da; perkusio instrumentu ezberdinak; metalezkoak... eta koruak egingo dituzten hiru abeslari ere bai.

Ondo hasi duzue itzulerako ziklo berri hau?

Oso ondo, bai. Joseba Tapiak proposatu zidan eta baiezkoa eman nion, noski. Elgoibarren eta Altsasun izan gara orain arte; Oñatikoa hirugarren kontzertua izango da.

Zenbat denbora egon zarete Tapia eta biok elkarrekin jo gabe?

Esango nuke 2010 buelta horretan desegin zela lehengo taldea, baina harrezkero askotan jo dugu biok elkarrekin. Egia da, hala ere, kontzertu gehienak Euskal Herritik kanpo egin ditugula. Hemen, Euskal Herrian, San Juan egunez Aiako Iturriotz auzoan egiten dugun erromeria izan da mantendu dugun emanaldi bakarra; urtero jotzen dugu han. Baina hemendik kanpo asko ibili gara, bai, adibidez, Amerikako Estatu Batuetara joan izan gara, eta nazioarteko beste folk jaialdietarako gonbidapenak ere onartu izan ditugu.

Bakarka ere, baina, ez zarete geldi egon.

Ez, urte hauetan guztietan ere egin dugu musika, bai. Joseba Tapiak bere proiektu propioak gauzatu ditu; ni, berriz, Korrontzirekin ibili naiz, batez ere, azken bost urte hauetan, eta badut asmoa eurekin jarraitzeko. Hori bai, etxeko emanaldietan joko dut. Kanpora askotan ateratzen den taldea da Korrontzi, eta ni ez naiz horietara joango; "etxeko partiduak" jokatuko ditut bakarrik aurrerantzean.

Panderoarekin ikusiko zaitugu domeka iluntzeko kontzertuan?

Panderoarekin eta perkusioko beste instrumentu batzuekin. Ez dut bakarrik panderoa joko. Eta, noski, abestu ere egingo dut.

Irribarrearekin, nola ez.

Oholtza gainera igotzen naizenean gozatzera igotzen naiz, disfrutatzera, eta ondo nagoenean berez ateratzen zait irribarrea. Goikoak ondo gaudenean behekoak ere, kontzertua entzutera etortzen direnak, horrela egoten dira, normalean.

Atzeko kalen egindako emanaldiak gogoan dituzue oraindik?

Makina bat aldiz jo dugu Atzeko kaleko jaietan, bai. Udazkenean bertan egiten den trikiti jaialdian ere egondakoa naiz eta baita beste ikastaro edo hitzaldiren bat eskaintzen ere. Maite dugu Oñati. Oso gustura joango gara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak