Euskal Herriko eta Bartzelonako, Castelloko, Gironako eta Akitaniako hamahiru artzainek eta euren txakurrek hartu dute parte gaur goizean Santa Lutziako zelaietan egin duten Oñatiko 63. Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketan. Tartean, egungo Gipuzkoako txapeldunak, Migel Arregi oñatiarrak
Eguzkiak gogoz jo duela eta ikusleak adi-adi egin dituzte jarritako bi ariketak. Lehenengoa guztiek egin dute: hainbat eginbehar bete ostean, artalde bi hesiren artetik pasatu araztea. Ariketa horretan puntuaziorik onenak lortu dituzten bostek hurrengo lanerako sailkatzea lortu dute: txakurrak banderez mugatutako bide bat egin eta gero artaldea kortan sartzea. Egin beharreko guztiak eginda, Arabako txapeldunak, Fidel Alonso eta bere txakur Lis izan dira puntu gehien lortu dituztenak. Antonio Alustiza nafarra eta Ttiki izan dira bigarrenak; eta Akitaniako Jean Françoise Cazaux eta Nouck, hirugarrenak.
Migel Arregik ez du bigarren ariketarako sailkatzerik lortu. "Gaur denok ez dugu geure maila eman. Niri gustatzen zait saltsa hau, baina ez zait ondo irten, txakurra ere ez zegoen ondo, eta beste baten izan beharko da!", esan du oñatiarrak txapelketa amaitzean. Dena den, antolakuntzak omenaldi txiki bat ere egin dio sari banaketan Arregiri.
Fidel Alonso eta Lis, lehenengoz txapeldun
Fidel Alonso aurretik ere Oñatiko txapelketan parte hartutakoa den arren, gaur lortu du lehen garaipena: "2007an, Jose Mari Jauregik, arabarra bera ere, puntu bakarragatik irabazi zidan. Horren pena nuen, Oñati erreferentzia delako lehiatzen den edozein artzain txakurrentzat. Eta gaur errealitate bihurtu da". Gaur, urte eta zortzi hilabete dituen eta martxoan kumeak izan zituen Lis-ekin lehiatu da.
Probaren aurretik urduri zegoela ere azaldu du: "Ez bazara urduri jartzen, interes gutxi duzun seinale. Baina ondo joan da. Lehen proba egiten hamargarrenak izan gara eta besteak nola dabiltzan ikusten duzu. Hori ona edo txarra izan daiteke. Kasu honetan, ona izan da: lehenengoek akats txikiak egin dituzte, eta horrek kontsolatu egiten zaitu gaizki eginez gero. Baina lehen proba oso ondo egin du Lis-ek, eta bigarrena ginda izan da: lehenengoan ondo egite lortu dugu".
Lehiaketa egitea, atzo bertan zalantzan
Txapelketaren antolatzaile Jose Mari Bengoak azaldu du aurreko aldian baino ikusle gehiago egon direla. Eta pozik zegoela gaineratu du, lehiaketa ondo irten delako. Dena den, beroak eragin duela ere azpimarratu du: "Maila hobea egon zitekeen, ariketak osatzearen ikuspuntutik. Baina maila altua egon da eta garbi ikusi da urte askoan ariketa ederrak egin dituzten txakurrak atzean geratu direla. Beroa egiten duenean, lehiaketarena ordurik txarrena da ardiendako, oso temati egoten direlako. Ondorioz haginkadak egin dituzten normalean egiten ez dituzuen txakurrek, eta hori da txakurrek euren izaera dutelako".
Baina kezkatuta ere azaldu da antolatzailea. Batetik, antolakuntza lanean erreleboa falta delako, eta bestetik, Aldundiak jarri dituen baldintzengatik: "Animalien ongizatearen kontura sekulako arazoak izan ditugu Aldundiarekin. Atzo bertan eztabaidan ibili ginen, lehiaketa egitea ere zalantzan jarriz. Baldintzekin lotuta azken orduko erabakiak hartu ditu Aldundiak, eta gu ezin bete ibili gara, larri”.