Hamabi artzain txakur lehiatuko dira domekan

Oihana Elortza Gorostiza 2023ko ira. 22a, 17:18

Artzaina, txakurrari aginduak ematen, joan den urteko txapelketan.

San Migel eta Errosario jaietako lehen ekintzak asteburuan ospatuko dira, tartean, Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketa, pintura eta bolo lehiaketak, Huntza, haurren danborrada, Atsolorra eta bertso saioa. Hastera doaz festa nagusiak.

Domeka goizean jokatuko da aurtengo Nazioarteko Artzain Txakur txapelketa. Ohiko zelaian izango da lehia, Santa Lutzian, 10:30ean. Han egin beharko dute eskatzen zaien lana lehian arituko diren hamabi txakurrek, bakoitzak bere jabearen, artzainaren, aginduei kasu eginda. Bi ariketa egin beharko dituzte.

Zeregin ezberdinak izango dituzte ariketa bakoitzean, denbora baten barruan egin beharrekoak batzuk, eta guztietan lortzen dituzten puntuak batuta gehien lortzen duen txakurra izango da irabazlea.

Santa Lutziako zelaian

Hamabi artzain txakurrek hartuko dute parte domekako txapelketan, Hego eta Ipar Euskal Herrikoak, Kataluniakoak, Castellokoak eta Mallorcakoak, txapeldunak denak. Tartean, Gipuzkoako txapelketa irabazi duen Lagun. Migel Arregi jabearekin joango da. Ez da lehendabiziko aldia izango, aurretik ere egondakoak dira biak. 2021ean, esaterako, elkarrekin hartu zuten parte; Arregi bera txapelketa gehiagotan ere ibili izan da.

Pintura eta bolo txapelketak

Herriko jai nagusietako ohiko hitzordua izaten da Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketa –63. ena aurten–, normalean San Migel eguna baino lehenago egiten dena. Eta aurten ere horrela izango da, asteburu honetan, domekan, izango baita. 28tik urriaren 2era izango dute jarraipena jaiek.

Urteroko aire libreko pintura lehiaketa eta bola-joko txapelketa ere domekan egingo dira, goizean lehenengoa, herriko kaleetan barrena, eta arratsaldean bigarrena, San Martinen.

Jaien egitarauko lehen ekintza, baina, gaur gaueko bertso saioa izango da. Txinparta bertso eskola izango da gai jartzailea eta bertsolariak: Oihana Iguaran, Sustrai Colina, Aitor Bizkarra, Urko Arregi, Amaia Agirre eta Unai Iturriaga. Sarrerak Txokolateixan edo Udalaren webgunean sartuta eros daitezke hamar eurotan, hamabi urtetik beherakoek, doan.

Udazkenarekin batera

Bertso saioaren ostean etorriko da umeei eta gaztetxoei begira antolatutako biharko eguna. Bete betea izango da zapatua; jaio berriei ongietorria emanez hasiko eta tartean Huntzak joko duen musika emanaldiekin bukatuko dena.

Maiatzetik hasita herriguneko zein landa eremuko auzoetako jaiak ospatu dira herrian eta udazkenarekin batera datozen herriko jai nagusiak ospatzeko unea heldu da. Egitaraua prest dago, muntaketa lanak ere zehaztua eta denei etortzeko gonbidapena eginda.

Migel Arregi Erostarbe, artzaina: "Edozer gauza gerta daiteke domekan"

Migel Arregi Erostarberen (Oñati, 1947) Lagun txakurra lehiatuko da etzi Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketan, Gipuzkoako txapeldun izanik. Euskal Herrikoan "ondo" ibilita doaz nazioartekora.

Zer moduz zaudete?

Lagun baino urduriago ni, horrek ez daki-eta domekan zer dagoen. Hara joandakoan, baina, azkar antzemango du egoera.

Zer gertatuko da?

Edozer gauza. Egia esan beste batzuk gu baino ohituagoak daude lan hori distantzia luzean egitera, baina ikusiko dugu.

Ardiek ere badute euren ardura?

Bai, baina artaldea ona da. Aldaiko ardiak dira, ohituta daude txakurrarekin ibiltzen, eta hori abantaila da denondako.

Zorte on, bada, bioi.

Eskerrik asko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak