Oñatiko EAJk zinegotzi lana "egoki" betetzeko "baldintza duinak" eskatu ditu

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko ira. 22a, 14:02

Amaia Erostarbe Oñatiko EAJko bozeramailea, taldekide batzuekin batera, osoko bilkuran.

Alderdi jeltzalearen arabera, EAJrentzat aholkulari lana egingo duen behin-behineko langile baten laguntza jasotzea eskatu diote Izaro Elorza Oñatiko alkateari, baina salatu du "ukatu" egin diela eskaera.

Amaia Erostarbe EAJko bozeramaileak adierazi duenez, Eudelen legediak jasotzen du udaletako udal talde guztiei aitortzen zaien "eskubide bat" dela. "Arrasaten, esate baterako, liberatutako zinegotziez gain, alkateak behin-behineko langile bat izendatu du EH Bilduren udal talderako, eskaera hori onartzea alkatetzari baitagokio". Halere, salatu du Oñatiko EAJk ez duela "inolako liberaziorik" legegintzaldirako eta, hiru aldiz eskatu arren, "eskubidea ukatu" egin dietela. Beraz, alkatetzaren "zuzenketa edo erantzun azkarra" espero du: "Zinegotzi lanak egoki betetzeko eta oñatiarren interesak behar bezala ordezkatzeko baldintza duinak izatea funtsezkoa baita".

Bulego baten eskaera

Ez da, ordea, eskaera bakarra izan, bulego "irisgarri" baten beharra identifikatu baitu EAJK. "Duela hamabi urtetik udaletxeko azken solairuan, irisgarria ez den eta herritarren eskura edo begi bistan ez dagoen espazio txiki bat dugu", adierazi dute, baina uste dute oñatiarren "ordezkari gisa", "zentzuzkoa" dela lanerako espazio "egoki bat" izatea, behe edo lehen solairuan. "Alkateak aitzakiatzat jarri du udaletxean ez dagoela aski leku".

Lau batzorderen alde

EAJren hitzetan, egun, hamabost lan-batzorde daude Oñatiko udalean, baina laura murriztea proposatu dute: Antolaketa, Lurraldea, Herritarrak eta Ekonomia. Modu horretan, jeltzaleek helburu dute "Udalaren eraginkortasuna eta barne antolaketa hobetzea". "Berregituraketa honek Udaleko sailen eta arloen arteko komunikazioa eta koordinazioa hobetzen lagun dezakeela uste dugu, baita baliabideak optimizatzen eta administrazio-prozesuak arintzen ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak