Egutegiak baldintzatuta, aurten Oñatiko jaiek inoizko segidarik handiena izango dute, tartean ia deskantsatzeko astirik gabe. Honek egitarauan ere eragina izan du, baina Udaletik, argi utzi nahi izan dute jaien ikuspuntua ez dela aldatu, eta, horregatik bi asteburutan banatuko dituztela jaietako egitarauko ekintzak. Hori dela eta, gaur bertan oñatiarrak jaiei begira motorrak berotzen hasteko aukera izango dute, egitarauko lehen ekitaldiarekin, bertso saioarekin hain zuzen. Dena den, bihar ekitaldiz josita dator zapatua.
2023ko jaietako egitarauak, guztira 60 ekintzatik gora jasotzen ditu eta Iñaki Olalde Kulturako batzordeburuak aitortu duenez, egitarauren erdia "herriko eragileen eskutik" izango da, eta, gainontzekoa, Udalaren eskutik. Era berean, Olaldek berak eta baita Izaro Elorza alkateak "eskerrak" eman nahi izan dizkiete jaien egitaraua osatzen lagundu duten herriko eragile ezberdinei. Bide batez, Txosnagunearentzat ere esker oneko hitzak izan dituzte "egiten duten lanagatik". Aurrekontuari dagokionez, 234.000 eurokoa izango da eta bertako partida nagusiak Udalaren kontratazioetara bideratutakoak izan direla azaldu dute.
Eraso sexistarik gabeko jaiak
Orain arte bezala, aurten ere herriko jaiak eraso sexistarik gabekoak izatea nahi dute, eta, horretarako Emagin Elkarteko kideen eskutik informazio eta arreta gunea jarriko dute jaietan zehar, eta, Txaketua taberna eta Aker taberna bitartean egongo da kokatuta. Egunero egongo da zabalik eta arratsaldeko 20:00etatik 00:00etara informazio gune moduan funtzionatuko du. Gaueko 00:00etatik, goizeko 08:00ak arte, berriz, arreta gunea izango da gertatu daitekeenari erantzuna emateko. Herri egu- nean, aldiz, eguerdiko 13:00etan jada irekita egongo da. Gainera, telefono bat ere jarri dute mar- txan beharra dagoenean erabil- tzeko: 688 60 20 89. Udalak 2023 urtean, herriko mugimendu feminista eta bestelako eragi- leekin abian jarritako zerbitzua da jaietan ere martxan egongo dena; San Migel Txikiko, Erre- kaldeko eta Atzeko Kaleko jaie- tan erabilgarri egon da zerbitzua.
Egitaraua baldintzatuta
Aurtengo egutegia ikusita, egi- taraua ere baldintzatuta dago. Bi asteburutan egiten ziren ekintzak orain arte, baina, aur- ten, puzzlea osatzerako garaian, ekitaldi batzuk egunez mugitu behar izan dira eta beste batzuk, aldiz, kanpoan gelditu. Besteak beste, gaurko bertso saioa, adi- bidez, astebete aurreratu dute, eta, azken urteetan ohikoa izan den piroteknia ez du jasotzen aurtengo egitarauak. Aldaketa esanguratsuenetarikoa, berriz, sokamuturrean egongo da, bi egunetan izan ohi delako; aurten, ordea, Errosarixo Bixamon egu- nean soilik egingo dute, goizez zein arratsaldez.
Trafiko mozketak jaietan
Datorren eguenean sartuko dira oñatiarrak ofizialki jaietan eta horrek eragina izango du herri- guneko trafikoan. Irailaren 28an arratsaldeko 16:00etatik hasi eta urriaren 3ko goizeko 07:00ak arte postetxe ondoko biribilgu- netik, Aker taberna pareraino doan bidea itxita egongo da au- toentzat. Bestalde, Errosarixo Bixamon egunean sokamutu- rraren eraginez, goizean, plaza eta udaletxe atzeko kalea itxita egongo dira. Arratsaldean, berriz, sokamuturraren ibilbidea han- diagoa izango da eta plazatik Kale Barriraino luzatuko dute. Sokamuturraren orduan, itxita egongo da bide hori.
Txosnagunean ere, gozatzeko prest
Oñatiko Txosna Batzordea ere buru-belarri aritu da lanean jaietan ahalik eta egitarau osatuena eta zabalena eskaintzeko. Kontzertu, jolas, bazkari edo bestelako ekitaldiz osatu dute aurtengo menua ere. Oneka Anduaga eta Eneritz Osinaga batzordeko kideek azpimarratu dutenez, "parte-hartzailea, belaunaldi ezberdinak batuko dituena, feminista eta herritik herriarendako egindakoa" da egitaraua. Jaiak hasteko gutxi falta bada ere, badira lotu beharreko azken detaileak; horietako bat Herri Eguneko txosnako azken txanda. Hori dela-eta, laguntzeko gertu daudenei dei egin diete txosnagunera gerturatzeko. Era berean "guztiok ondo pasatzeko" jaiak direla azpimarratu dute Anduagak eta Osinagak, eta, jaiak errespetuz gozatzen ez dakienarentzat tokirik ez dela izango ere argi utzi nahi izan dute.
Goiena ere jaietan murgilduta
Goiena Telebistak jarraipen zabala egingo die aurten ere Oñatiko San Migel eta Errosarixo Bixamon jaiei
'Txantxikuaren jaitsiera'
- Irailak 28, 19:30. Zuzeneko emankizuna, txosnagune ondotik.
'Hemen Debagoiena'
- Irailak 29, 18:00; 20:00 eta 22:00. Jaien jarraipena Hemen Debagoiena saioan.
'Errosarixo Bixamon Eguna'
- Urriak 2, 13:30. Zuzeneko saioa, Kale Zaharretik.
Jaietako saio berezia
- Urriak 4, 19:00; 21:00 eta 23:00. Sani Migel eta Errosarixo Bixamon jaien inguruko saioa.