Anjel Billar: "Berakatz-zopa ona denbora hartuta egiten da"

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko ira. 25a, 10:00

Juan Mari Urteaga eta Anjel Billar joan den urteko lehiaketan parte hartzen.

Joan den urteko berakatz-zopa lehiaketa irabazi zuen billarrek, Juan Mari Urteagarekin batera. aurtengo lehiaketarako ere eman du izena.

Udalak V. berakatz-zopa lehiaketa antolatu du. Irailaren 29an egingo da, 11:30ean, Foruen plazan. Hilaren 26ra arte egongo da zabalik lehiaketan izena emateko epea.

Joan den urteko garaipena berresteko asmoz eman duzu izena aurtengo lehiaketan ere?

Ikusi egin behar zer gertatzen den. Beti ez da berdin ateratzen berakatz zopa.

Ze sekretu zuen iazkoak, bada?

Sekretu handirik ez, egia esan. Juan Mari Urteagak eta biok egin genuen.

Osagaiak aipatzen hasita, pistolarekin edo ogi sikuarekin?

Pistolarekin, duda barik. Guk ez dugu ogi sikurik erabiltzen.

Saldarekin edo urarekin bustitzen duzu gero ogia?

Saldarekin. Behar den bezalako saldarekin, gainera. Hau da, porruarekin eta betiko osagaiekin eginda, ez dendan brik ontzietan eginda saltzen duten horietakoa.

Arrautzak, piperrak... zer gehiago erabiltzen duzu?

Hirugiharra erabili genuen guk, eta baita arrautzak ere. Horiek, baina, gainera osorik bota eta bistan utzi beharrean, irabiatuta bota genituen, eta saldaz bustitako ogiarekin nahastu.

Gatza ere puntuan izango zuen.

Antza denez, bai. Gehiegi edukitzea edo gutxiegi botatzea antzemango dute epaileek, ziur.

Zorrotzak izaten dira epaimahaikideak? Moko finekoak?

Pixka bat bai, bat baino gehiago probatu behar izaten dute eta bata bestearekin konparatu, eta hori ez da erraza izango asko daudenean, mokoa zorroztu beharko dute hasieratik.

Lurrezko ontzia bera, berakatz-zopak behar duen beste osagai bat gehiago da?

Ez dakit benetan beharrezkoa den edo ez. Ohiturari kasu eginez gero, lurrezko ontzian prestatzen da berakatz zopa, bai, eta geuk ere horrelaxe egiten dugu.

Eta, su altuan edo baxuan prestatu behar da?

Berakatz zopak ere bere denbora behar du, eta hartu egin behar. Denbora gutxian egiten den berakatz zopa nekez izango da ona. Su baxuaren gainean ontzia jarri eta denbora hartu behar da, eta ez su altua jarri denbora gutxiagoan egiteko.

Jan, noiz jaten da? Bazkaltzeko edo afaltzeko?

Gehienetan afaltzeko, esango nuke. Baina lehiaketa eguerdian izaten da eta behin epaileek euren lana eginda, han pilatzen den herritarren artean jaten ditugu denak, eta ondo sartzen da ordu horretan ere.

Joan den urteko txapelketatik hona, zenbat aldiz prestatu duzu?

Lehen gehiagotan jaten nuen, egia esan. Bizpahiru aldiz prestatu dut, errezeta-eta gogoratzeko izan bada ere. Ez da nahiko entrenamendu izango agian, baina tira, ikusiko dugu aurtengoa nolakoa ateratzen den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak