Ordezkaritza berria du Eudelek, eta tartean da Izaro Elorza Oñatiko alkatea

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko ira. 20a, 15:04

Eudeleko partaideak atzo Donostian eginiko Batzar Nagusian. Elorza, ezkerretik hasita, bigarrena.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalak elkartzen dituen erakundeko udalerrietako ordezkariek Batzar Nagusia egin zuten atzo, datozen lau urteetako ordezkariak hautatzeko. Esther Apraiz izango da aurrerantzean lehendakaria; Elorza, berriz, Batzorde Eragilean arituko da.

Donostian egin zuten batzarra atzo goizean. Eneko Goia Donostiako alkateak izan zuen ongi etorriaren ardura, eta alboan izan zuen Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, jarduneko elkarteburua baitzen. Esther Apraiz Derioko alkatea izendatu zuten lehendakari, Gorka Urtaran Gasteizko alkate ohiaren lekukoa hartuta, eta Alkorta ez ezik, lagun izango du Jose Antonio Santano Irungo alkatea ere. Hain justu, biek egingo dute beste agintaldi bat elkarteburuorde.

Batzorde Eragileko partaide dira aipaturiko hiruak, baina beste hamabi izango dituzte ondoan; hamabost dira guztira. Eta, hain justu, hor da Izaro Elorza Oñatiko alkatea. Izendapena "arduraz eta ilusioz" hartu duela adierazi du: "Gipuzkoako herritarrek M28an EH Bilduren ereduaren alde egin zuten; parte-hartzean oinarritutako eredu baten alde egin zuten. Gure ardura eta lana izango da gure ideiak Eudelen barruan ere egikaritzen saiatzea; dauden gobernatzeko ereduak aldatzea, gauzak aldatzen joateko hautuarekin".

Hiru proposamen

Apraizek azaldu duenez, "udalerrientzat sor daitezkeen aukera guztiak aprobetxatzea" izango da xedea, eta hiru proposamen egin ditu. Batetik, "udalgintza feminista baten aldeko apustua" egitea dute asmo, "emakume hautetsiek udal-politikan duten lidergo eta eraginerako". Horrez gain, herritarrekiko konfiantzazko zubiak eraikitzea dute helburu, "Eudel irekiagoa, eraginkorragoa eta parte hartzaileagoa bultzatuz, erakundearen barruko adostasunetik abiatuta". Azkenik, lankidetza instituzionala bultzatu nahi dute, "udalerriek ekarpen handia egin behar duten politika publikoak lortzeko eta garatzeko, hala nola euskara, gizarte zerbitzuak, berdintasuna, enplegua eta ingurumena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak