Ekaina amaieran estreinatu zituzten lau kapitulu eta uztailaren lehenengo astean argitaratu zituzten beste lauak. Sexu eraso bat da, aurrez egin zuten antzezlanean moduan, websailaren abiapuntua, eta horren bueltan lagun kuadrilla baten sortzen diren egoerak, harremanak eta gertuko lagunen jarrera ulergaitzak kontatzen dituzte.
Feed-back "itzela"
Youtubeko zein sare sozialetako –Instagram, Youtube, X (lehen- go Twitter)– ikustaldien kopuruaz harago, Xup-eko kideak oso po- zik daude websailak izan duen "harrera onarekin". Hala kontatu du Xup-eko kide Danel Teranek: "Uztailean eta abuztuan sentsazio arraro samarrak izan ditugu eta orain ari gara lurra hartzen eta gertatutakoa irensten. Orokorrean iritzi onak jaso ditugu eta aurrera begira egin- go ditugun lanetarako kontuan hartzeko aholku eta proposamen interesgarriak ere bai. Esango nuke gakoa izan dela gazteok gazteontzako egindakoa dela, guk geuk ezagutzen dugulako gazteok zer behar eta ardura ditugun, zer eta nola kontsumitzen dugun... Gu izan gara gure produktuaren protagonista eta arrakastaren gakoetako bat hori izan dela uste dugu".
Sare sozialetako estrategia ere azpimarratu du Teranek: "Hasi ginenean, oso argi genuen bi lan ildo edo etapa zeudela: gidoiaren idazketa eta errodajea, batetik, eta ondorengo zabalkundea, bestetik; hortaz, oso ondo landu dugu, esaterako, komunikabideetara zelan heldu, eta aurreikusi baino elkarrizketa eta promoziorako bestelako aukera gehiago jaso ditugu eta gazteengana heltzeko ere milimetrora genuen neurtuta sare sozialetara noiz eta zer igo, eta jasotako erantzuna itzela izan da. Kalean ere zorion mezu asko jaso ditugu. Bitxia izan da, esaterako, kanpora, beste herri batzuetako jaietara parrandan joan garenean, jende asko gerturatu zaigula eta shock moduko bat izan da guretzako. Orokorrean jendea oso jator etorri zaigu, nahiz eta, suertatu diren egoera deseroso batzuk ere, batzuetan, jendeak nahastu egiten duelako pertsona edo aktorea eta pertsonaia".
Etorkizuneko proiektuak
Uztailean estreinaldiaren zurrunbiloan murgilduta ibili ondoren, abuztuan oporrak hartzea erabaki zuten eta irailean hasi dira berriz lanean. "Askorik ezin dugu aurreratu, baina ari gara zerbait berria prestatzen. Ez dakigu, askok eskatu diguten moduan, Beita websailaren bigarren denboraldirik izango den edo ez, baina saiatuko gara, modu batera edo bestera, eskaera horri erantzuten. Oraingoz ateak zabalik utziko ditugu, hurrengo proiektua pantailan ikusteko edo antzokietako agertoki gainean eskaintzeko sortuko dugun, oraindik ez dugu-eta zehaztu".
Websaila oraindik ere ikusgai
Gazteak Youtuben duen kanalean eskegi zituzten kapitulu guztiak, eta oraindik ere toki berean daude ikusgai. "Irratikoak ere pozik daude jasotako harrerarekin, sekula izan duten ikustaldi kopuruak gainditu dituz- telako eta, beraz, seriea ikusi ez duenak oraindik ere badu aukera hori. Horrez gainera, gure sare sozialetan –Beita websaila izenarekin– askotariko bideo eta sarrera gehiago aur- kituko dituzue eta gure asmoa horiek elikatzen jarraitzea da; hortaz, adi bereziki, Instagrameko eta baita Facebook eta Twiterreko gure kontuei ere", gaineratu du Oñatiko Xup antzerki taldeko kideak.