Oñatin aterako dute azken kafea

Xabier Urtzelai 2023ko ira. 15a, 18:00

Mikel Lizarralde, 1981eko Oñati sarian helmuga lehen postuan zeharkatzen. Baque taldeko ziklista zen orduan.

Ia bost hamarkadatan amateur mailan taldea izan eta gero, bihar, zapatua, izango da Baquekoen azken lasterketa (10:00). Mikel Lizarraldek maillot horrekin irabazi zuen Oñatin duela 42 urte; Beste oñatiar batek, Aimar Erostarbek, azkenekoz jantziko du maillot hori bihar.

Zapatuan jokatuko dute, 10:00etan hasita, Lehendakari Txapelketako egutegiko azken hitzordua, Oñati Saria –hemen rutometroa–. Eta lasterketa berezia izango da, lau hamarkada pasatxoan amateur mailako txirrindularitza babesten ibili den Baque taldeak bertan esango duelako agur, taldea desagertu egingo da. Hori horrela, Aloña Mendikoek omenaldia egingo diete sari banaketa ekitaldian. "Urte hauetan guztietan Baque taldeak inoiz ez du Oñatiko lasterketan kalerik egin, beti egon izan dira irteera puntuan, eta amateur mailako ziklismoari egin dioten ekarpenagatik uste dugu merezi dutela eurekin detaile txiki bat izatea, eskerrak emango dizkiegu omenalditxo batekin", adierazi dio GOIENAri Aitor Atorrasagastik.

1978tik ziklismoa babesten

Baque txirrindularitza taldea 1978an sortu zuten. Eta urte hauetan guztietan puntako ziklistak pasa dira Baquetik, tartean, Julian Gorospe, Igor Astarloa, David Etxeberria, Iban Mayo, Joseba Beloki edota Unai Etxeberria. Euskal txirrindularitzako izen handiak dira horiek, baina beste maila batean, Debagoienean ere izan dira talde horren babesean ibili direnak txirrindulariak: Mikel Lizarralde, Iban eta Leire Altube, Gurutze Altuna edota ibarreko azken ordezkaria, Aimar Erostarbe.

Denak dira oñatiarrak, eta hain zuzen, Oñatikoa izango da Baqueren azken lasterketa. Bada, 1981eko edizioan, Baque-ren mallota soinean zuela –argazkian– etxeko lasterketa irabazi zuen Mikel Lizarraldek azaldu du talde horrek askorendako izan duen garrantzia. "Baquen egon aurretik KAS taldean izan nintzen amateur mailan eta gero pasa nintzen Baque-ra. Gogoan dut Reynolds taldearekin kontratua sinatuta neukala, baina Baque-n zegoen Julian Gorospe baserrira etorri zen ni konbentzitzera. Bizkaiko Itzulian eta bestelako lasterketetan laguntzeko eskatu zidan, baina beste lasterketa batzuetan askatasuna izango nuela agindu zidan, eta gainera, Reynolds-ekoena baino eskaintza hobea egin zidaten, eta halaxe joan nintzen Baque-ra", dio barrez Lizarraldek.

Mikel Lizarralde, Oñatin irabazi berritan jasotako lore sorta (1981).

Baque Team-en garrantzia

Lizarraldek urtebete egin zuen Baque taldean, eta aitortzen du talde horretan izan zuela kirol maila onena. "Sekulako taldetzarra geneukan. Eta lasterketa batzuetan askatasuna neukanez Gipuzkoako Itzulia irabazi ahal izan nuen, eta baita, esaterako, Aretxabaletan eta Oñatin ere. Profesional mailara salto egitea zen asmoa, baina horretarako soldaduskatik libratzeko baimena behar nuen. Baina, Oñatiko Saria irabazi eta hurrengo egunean Loiolako koartelera joan behar izan nuen, eta han bidali ninduten 13 hilabetez soldaduska egitera".

Mikel Lizarralde, Baque-ko mallota defendatu zuen urtean. "Hor izan nuen kirol maila onena".

Galdutako urtea izan zen hura. "Baque-koak oso ondo portatu ziren nirekin, bizikletak utzi zizkidaten ahal nuenean entrenatu ahal izateko, baina galdutako urtea izan zen. Gogoan dut Baque-n egin nuen urtean 64 kilo pisatzen nituela, halaxe irabazi nuen Oñatin; nik neukan gorpuzkerarako oso pisu gutxi zen hura eta oso ondo nenbilen. Soldadutzako urtean 10 kilo hartu nituen, oso baldartuta etorri nintzen. Gero, Orbea etxearekin egin nuen profesionaletara salto, pisua kentzea lortu nuen, baina inoiz ez nintzen 64 kilo izatera bueltatu. Ondo nenbilen, baina ez Baque-n ibili nintzen bezain ondo".

Lau oñatiar lasterketan

Biharko lasterketan 160 ziklista izango dira irteera puntuan, eta Oñatiko ordezkari denak lasterketan izango dira: Unai Cueva (Grupo Eulen), Aimar Madina (Caja Rural), Aimar Erostarbe (Baque Team) eta Danel Casais (Laboral Kutxa). 115 kilometro izango ditu lasterketak eta aurreikuspena da helmuga 13:00etan izatea. Eurekin batera, nabarmentzekoa da kanpotik etorriko den ziklista kopurua: 4 frantziar, 5 Erresuma Batutik, 3 Kolombiatik, 2 Costa Rica-tik, 2 Taiwandik eta danimarkar eta poloniar bana. 

Aimar Erostarbe, Baque taldeko ziklista: "Baquen familia batekin egin dut topo"

Aimar Erostarbe oñatiarrarendako lasterketa berezia izango da biharkoa, bi urtez Baque-n lehiatu eta gero desagerpenaren testigu izango delako. Duela 42 beste herrikide batek, Mikel Lizarraldek egin zuen hura errepikatu nahiko luke, alegia, Oñatin irabazi. Baina badaki lan zaila dela hori.

Baque desagertzea ez da albiste ona.

Penagarria da, urte mordoa daramatzate amateur maila sustatzen. Halako talde gehiago behar dira.

Zer gertatu da?

Esan digutenagatik, amateur mailan halako taldeak babesleendako ez dira interesgarriak. World Tourreko taldeak gazte mailako ziklisten bila dabiltza, eta eurak hasi dira talde propioak sortzen harrobietan. Eta afizionatu mailakoak erdibidean geratu gara. Eta gainera, amateurretan zure taldea ez bada talde nagusiago baten filiala, bada talde moduan interesgarri izateari husten diozu. Pena da, baina....

Pertsonalki, zer eman dizu Baque-k?

Amateur mailara salto egiteko aukera. Familia bat topatu dut bertan, tratua ederra izan da eta asko ikasi dut. 

Ederra izango litzateke garaipen batekin agur esatea...

Omenaldi onena izango zen taldearendako, nahiz eta hemen garaipenak oso garesti dauden. Iaz egokitzapen urtea izan nuen eta aurten lasterketa batzuetan lehiakor ikusi dut nire burua, aurrerapauso bat eman dudala uste dut eta alde horretatik gustura nago. Saiatuko gara aurrealdekoen borroka horretan sartzen.

Non egongo da gakoa?

Barbariko eta Aztiriko maldetan, esango nuke. Hor apurtuko da lasterketa eta indartsuenek aurrera egingo dute. Igoera horiek erabakigarriak izango dira, eta gero ikusi egin behar azken kilometroetan zer gertatzen den. 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak