ELAk azaldu duenez, 2017an egin zen Oñatiko enpresako gerentzia aldaketa, eta 2018an bazkideena, baina ordu geroztik, giroa okertu da. Haren arabera, enpresariek euren soldatak %20 igotzeko erabakia hartu zuten duela bost urte, baina 2019an emaitza txarrak izan zituzten. "2020an langileen soldatak %20 jaitsi nahi izan zituzten, eta momentu horretan ELA sindikatua eta langileen gehiengoa neurri atzerakoiaren kontra aurkeztu zen". Alabaina, salatu du enpresariek 2021ean ELAko delegatuaren kargugabetzea proposatu zutela, gehiengoaren bozka lortu ez zuten arren.
Aurten ere aldaketak
2023an, berriz, lanaren beherakada zela-eta, enpresak enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea aurkeztu zuen, baina bertan behera uztea lortu zuten negoziaketa batzuen ostean. "Ordutik, enpresarien utzikeria nabarmena izan da langileek diotenez. Enpresariek euren jardunaldiak modu nabarmenean txikitu dituzte, zenbait lan hartzeko aukera galdu dute eta ez dute enpresaren jarduna normaltasunera bueltatzeko ahaleginik egin".
Are gehiago, ELAren arabera, enpresako arduradunek eskutitz bat bidali zieten langileen ordezkariei maiatzaren 29an, egoeraren berri emateko, baina enpresaburuek ez zuten nahi izan sindikatuak batzarrean parte hartzea, eta, beraz, uztailaren 19an beharginek bidali zieten gutun bat. "Langile guztiei azalpenak emateko eta etorkizuneko urratsak zein izango ziren jakinarazteko eskatuz, baina enpresaren erantzuna ezezkoa izan zen, eta gainera, euren gauzak jaso eta bulegotik alde egin zuten".
Azaldu dutenez, ordutik, enpresariak ez dira enpresara bueltatu, eta langileak euren jardunari jarraipena eman ezinda daude. "Ezin dituzte eskaera berriak tramitatu, egindako piezak ezin dituzte bertatik atera…".
Elkarretaratzeak
Horregatik, elkarretaratzeak egingo dituzte bihartik egubakoitzera arte, Oñatiko Magdalena auzoko Fagorreko biribilgunean, 13:30ean. Helburua da enpresako hamazazpi langileek bizi duten egoera "larria" publiko egitea, eta bazkideei euren ardurak betetzeko eskaria egitea: "Ez uzteko enpresa hiltzen, hamazazpi familien bizimodua baitago jomugan".