Mikel Fernandez: "Ekinean ibilita, denok ikasten dugu gehiago"

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko uzt. 11a, 20:01

Mikel Fernandez Sanchez oñatiarra.

'Haurrak ekinean' liburua idatzi du Mikel Fernandez oñatiarrak. Autoedizioa da,  Debagoieneko liburu dendetan salgai dago eta Oñatiko udal liburutegian irakurgai. Udazkenean egingo du aurkezpena Oñatin.

Mende laurden baino gehiago daramatza irakaskuntzan Mikel Fernandez Sanchezek (Oñati, 1973) eta ikas egoeren esperientziak proiektuen bitartez nola landu eta horrela egiteak dakartzan abantailez idatzi du Haurrak ekinean liburuan.

Zer jasotzen du liburu horrek?

Saiatu naiz azaltzen hezkuntzan badagoela ikasteko edo gauzak egiteko beste modu bat, ez bakarrik testu-liburuak hartu, irakurri eta buruz ikasi. Irakaskuntza proiektuen bitartez egitea eta hori nola egin dator liburuan.

Zeure esperientzia da oinarria?

Bai. Aitortzen dut proiektu guztiak ez direla berdin bukatuko, baina ikaste prozesua askoz aberasgarriagoa da, ikasle zein irakasleondako, eta ondo ateraz gero noraino hel daitezkeen ere ikus daiteke. Ikaskuntza erreala den zerbaitekin lotzean motibazioa igo egiten da eta emaitzak ere hobeak izaten dira.

Adibideak ere badatoz, hortaz?

Hiru adibide jarri ditut, neuk ikasleekin landutakoak. Lantziegoko eskola txikian egiten dut lan, eta ardogintza izan da proiektuetako bat. Ardoa egiteko gai izango ote ginatekeen galdetu genion geure buruari, eta baietz demostratu dugu proiektuaren amaieran. Bitartean, upategiak bisitatu ditugu, mahastiak zaindu, informazioa topatu, mahatsa zapaldu... Ekinean ibiliz gero denok ikasten dugu gehiago, ikasleek zein irakasleok. Izan ditudan ikasleetako batek, esaterako, Wolf-Hirschhornen sindromea du, eta hori izan zen beste proiektuetako bat. Esperientzia horretan, nola lagundu izan zen gure galdera. Proiektuaren amaieran mila euro baino gehiago batu, eta ikerkuntzarako bidali genituen. Hirugarren proiektua, berriz, herriko historiari buruzkoa izan zen. Hori hobeto ezagutzeko zer egin dezakegun galdetzen hasi eta telefonokorako aplikazio bat sortuz bukatu genuen proiektua. Sekulakoak izan dira hirurak.

"GAIAK PROIEKTUAK EGINDA LANTZEA DA NIRE PROPOSAMENA, ETA NOLA EGIN JASO DUT, ADIBIDEEKIN"

Nondik hasi eta nola jarraitu ere azaltzen duzu?

Bai, horrela da. Udako oporrak datoz laster, eta esango nuke liburua udan irakurrita ikasturte berrian proiekturen bat martxan jartzeko moduan egon gaitezkeela irakasleok.

Proiektuaren gaia aukeratu behar lehendabizi, ezta?

Bai, eta hori ikasleekin batera egitea da nire gomendioa, ez ikasleei galdetuta bakarrik, baizik eta euren interesa zein izan daitekeen ikusita: euren kezkak, bizi duten egoera, testuingurua... Behin gaia aukeratuta, hasierako galdera bat planteatzea da hurrengo pausoa, eta galdera horri erantzutea da proiektua bera, lana. LHko hirugarren zikloko ikasleekin izandako esperientzia da liburuan jaso dudana, baina DBHn ere aplikagarria ikusten dut, erabat.

Irakasleendako eskuliburua da?

Izan daiteke, bai. Irakasleengan pentsatuta dago idatzia, baina ez da liburu tekniko bat, erraz irakurtzen eta ulertzen dena baizik. Irakasleak ez diren dezentek irakurri dute dagoeneko, adibidez, eta hori izan da, behintzat, eurengandik jaso dudana. Testu-liburuak erosoagoak dira, agian, askorendako, baina irakasleok badugu erantzukizunik. Ikasle aniztasuna handia da, eta pentsatu behar ditugu denen gaitasunak garatzeko moduko bideak, erakusteko moduak. Proiektuen bidea azaltzearekin batera, inklusioa, talde-lana, metodologia, jarrera eta bestelako kontzeptuak ere ageri dira.

Gipuzkoan jaio, Nafarroan bizi eta Araban lan egin. Hori da hori...

Errekaldeko herri eskolatik Eskoriatzara joan nintzen, Irakasle ikasketak egitera. Txantxiku ikastolan praktikak egin eta Vianako ikastolan egin dut lan; orain, Lantziegon. Eta Bargotan bizi. Oso nahaste polita da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak