Jon De La Varga: "Iritzi ezberdinak egotea ona da, baina arkitektoak bere proiektua defendatu behar du"

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko uzt. 5a, 09:06

Palman bizi den Jon De La Varga oñatiarra, Mallorca taldearen futbol zelaian (Argazkia: JDLV).

Donostiako Reale Arena futbol zelaia egin zuen arkitektoen taldean aritu zen oñatiarra lanean, eta gaur egun Mallorcako futbol taldearen zelaia konpontzeko lanean dihardu.

Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan ikasketak egin, eta arkitekto ari da lanean Jon De La Varga Urzelai (Oñati, 1993) 2016a ezkero. Gaur egun, Izaskun Larzabal Arkitektura eta Hirigintza Estudioan dihardu. Futbol zelaiak egiteko proiektuetan ibili da lanean.

Mallorca taldeko zelaia konpontzeko obren arkitektoa zara egun. Zelan doaz lanak?

Estadioak birgaitze osoa izango du, eta, horra iristeko, lau fasetan banatu ditugu lanak. Duela urtebete hasi genituen eta orain bizi-bizi daude, tribuna nagusiari ere eskua sartzekotan gaude eta.

Ze berezitasun izango du zelai horrek?

Helburu ezberdinak ditu: eraikina zabaldu zenetik erabili ez den atletismo pista kentzea eta futbolzaleak joko-eremura gerturatzea, batetik, eta eraikina bere ingurura zabaltzea, bestetik, bai estetikoki, bai erabilera aldetik, egunerokotasunean estadiora jendea erakarriko duten espazioak sortuz. Horrela, fatxada oso ezberdinak izango dituen eraikina izango da.

Non hasten eta bukatzen da arkitekto baten lana horrelako proiektu batean?

Eraikin bat jaso eta erabileran jartzeko prozesua oso luzea izan ohi da, eta pauso asko ditu. Arkitektoak, arlo teknikoari lotutako gaiak jorratzeaz gain, noski, sustatzailearen beharrei erantzunak eman behar dizkie, eta beldurrak bideratu. Hortik aurrera, prozesuan sartzen doazen agenteak ezagutu eta bideratu behar ditu, eta lantaldeak bateratzen jakin, proiektu-prozesua ahalik eta arinena izateko. Teknikaz gainera, koordinazio eta psikologia lan asko dago.

Normalean, beti daude iritzi ezberdinak bai hasi bai bukatu ondoren.

Iritzi desberdinak egotea ona da. Egia da jendeak, askotan, proiektuaren ezagutza askorik gabe edo aurreiritzi ikuspuntu batetik ematen duela iritzia, baina horren aurrean arkitektoak egin beharrekoa da bere lana non hasi eta non bukatzen den jakitea. Haren proiektua defendatu eta, batez ere, azaltzen jakin behar du. Hortik aurrera, proiektu bat aurrera eramatea sustatzailearen erantzukizuna da, eta hark jakin behar du erantzuten zer lortu edo nora iritsi nahi duen. Pertsonalki, uste dut polemikak ekiditeko gardentasuna dela garrantzitsuena.

"2017 eta 2020 bitartean Anoetaren obra zuzendaritzan parte hartu nuen. Etapa berezia izan zen niretzat; lanean ia hasi berria nintzen eta erronka polita zen"

Reale Arena egiten ere aritu zinen. Handiagoa izaten edo sentitzen da erantzukizuna gertuko zelaian? Bai; 2017 eta 2020 bitartean Anoetaren obra zuzendaritzan parte hartu nuen. Etapa berezia izan zen niretzat; lanean ia hasi berria nintzen eta erronka polita zen. Irakasle oso onak izan nituen eta bertan ikasitako guztiak orain profesionalki erantzukizun berriak hartzera ahalbidetu nau. Eraikinei dagokienez, Realarenak eta Ma- llorcarenak badituzte antzekotasunak –atletismo pista kendu, estalki berriak sortu, erabilera berriak ekarri eraikinera–, baina baita desberdintasunak ere. Mallorcarena estadio txikiagoa da, eta "mediterraneoagoa", irekiagoa, ez horren estali eta hermetikoa. Futbolari dagokionez, nahiz eta nire bigarren estadioa izan, ironikoki, ez naiz batere futbolzalea. Orain, Mallorcaren golak ospatzen ditut, interes propio hutsagatik; taldea ondo doanean, bezeroaren umorea hobea da.

Asko aldatzen da proiektua erakusten dutenetik bukatzen denera? Zer galdu, irabazi edo moldatzen da tarte horretan?
 
Lehen esan bezala, proiektuek denbora asko irauten dute, eta denbora horretan, proiektua aldatu arazi ahal duten aldagai asko daude. Bezeroak zein proiektugileak ideia berriak izan ahal ditu; prezio aldaketek proiektua mugatu ahal dute (edo bat-batean dirua badago, handitu; baina ez da ohikoa...); teknologia berriagoak proiektuan sartzea erabaki ahal da ere. Oso ohiko kontu bat, da obran zehar ezusteko asko eman ahal direla, batez ere birgaitze proiektutan. Zentzu horretan, ez dago proiekturik berdin hasi eta bukatzen denik, nahiz eta aldaketak txikiak izan. Hala ere, gainditu ezin den muga obra baimenean jasotako oinarrizko baldintzak betetzea da, hirigintza parametro, erabilera eta segurtasunei lorturikoak, hain zuzen ere.
 
Obrak bukatzeko data jarrita egoten da normalean lanak hasi orduko. Bitartean, baina, taldeak zelai "zaharrean" jokatzen jarraitzen du. Zenbat baldintzatzen du horrek? Zertan?
 
Ba obrarentzat erronka puntu handiago bat suposatzen du, zalantzarik gabe. Batetik, obrak ezin du eraikin barruan nahi beste azalera hartu, zenbait espazio erabilerapean baitaude (adibidez, joko eremuko belarra sakrosantua da klubarentzat). Bestetik, futbol partida dagoen aldiro, ingurua txukundu, eremuaren segurtasuna bermatu eta milaka futbolzaleren esperientzia eta bermatuko duen egoeran utzi behar da. Eta gainera, telebistan polita edo gutxienez txukuna ikusi behar da, horiek jartzen baitute dirua. Azkenean lan eta koordinazio gehiago dira, baina hori ere lanaren parte da.
 
Ze futbol zelai duzu gustukoen?
 
Bordeleko Matmut Atlantique; egiturazko soluzio oso sinple batekin estetika oso berezia eta propioa izatea lortzen du. Arkitektoen artean popularra den beste estadio bat Bragako Udal Estadioa da. Oso konfigurazio bitxia du, fondorik gabe eta mendixka bati atxikita, eskultura gisa azaleratzen den egiturarekin, eta hormigoizko estalki eseki interesgarriarekin.
 
"Bordeleko Matmut Atlantique zelaia gustukoa dut. Arkitektoen artean Bragako Udal Estadioa  ere popularra da"
 
Futbol zelaiak ez ezik, beste zein eraikin diseinatzen egin duzu lana?
 
Orokorrean, proiektu gutxi baina eskala handikoak tokatu zaizkit... industrialak, komertzialak, nazioarteko bezeroekin... Egia da horrelako proiektuek ez dizutela uzten horrenbeste sartzen xehetasunetan, baina eskala bada jada erronka, eta batez ere, bidetik jende askorekin topatzen zaren proiektuak dira eta hori beti da aberasgarri.
 
Urbanismo proiektuak ere hartzen ditu zure enpresak, ezta? Lana, baina berdina da batean zein bestean? Zeintzuk dira desberdintasunak?
 
Bai, hala da. Hirigintza eta eraikuntza proiektuek arlo ezberdinak jorratzen dituzte, eta ezberdintasun horren magnitude nagusia, eskala da. Eraikuntzak, handiagoak edo txikiagoak izan daitezke, baina azken finean orube baten daude mugatuta eta hasiera eta bukaera garbi bat dute. Hirigintzak, eskala ugari jorra ditzake, auzo baten konfiguraziotik, herrialde oso baten azpiegitura kritikoak definitzera. Bestalde, denboraren eskala dago. Eraikuntzak 2-5 urteko denbora marko orokorra dutela esan daiteke, baina hirigintzaren denborak askoz luzeagoak dira, hamarkada zein belaunalditakoak. Gainera, eraikuntza publikoa zein pribatua izan daiteke, baina hirigintza, ia esklusiboki, arlo publikoak jorratzen duen gaia.
 
Zer duzu eskuartean honez gain? Geroko proiekturen bat lotuta duzu dagoeneko?
 
Momentuz proiektu honekin nabil buru belarri. Gero etorriko dira gerokoak, baina badut nahiko lan horietan pentsatzen jartzeko moduan.
 
Eta proiektu ezberdinekin batera zabiltza zu ere hara eta hona? Orain Mallorcan bizi zara...
 
Hori da, proiektu honen eskutik Palman bizi naiz duela urtebetetik. Banuen gogoa airez aldatu eta gauza ezberdinak probatzeko... beti esaten dut etxera bueltatzeko denbora beti dagoela eta naiz eta Euskal Herrian ondo bizi, kanpoan zer ikusi eta ezaguturik badago. Ni, momentuz, ohitu naiz beti aterkia gainean ez eramatera...
 
 
 
 
 
 
-

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak