Zaintzen afera "guztion ardura" dela iritzita, azaroaren 30ean zaintza antolaketa publiko eta komunitario baten alde kalera ateratzeko dei egin dute mugimendu feministatik. Salatu dute, "etxeetan, lantokietan eta harremanetan, langile klaseko emakumeak jarraitzen dutela izaten zaintza sostengatzen" dutenak, "denboren eta baliabideen pobrezia pilatzen jarraitzen" dutenak.
Oñatiko Mugimendu Feministako kideek gehitu dute zaintza lanak ezinbestekoak direla bizitzeko eta ezin direla "ez ikusezin mantendu ez eta merkantilizatu". Gogorarazi dute pandemiak argitara atera zuela adineko pertsonendako egoitza batzuetako egoera jasangaitza, baina, zaintza krisiak hori eta aurpegi gehiago ere badituela azaldu dute. "Krisiak oraindik eztanda egin ez badu etxeko langileen esplotazioaren ondorio da, erakundeek eta familiek betetzen ez dituzten beharrak asetzen dituzte-eta. Lan baldintza negargarriak, onartezinak dauzkate. Zergatik? Sektorea desarautua dagoelako eta Atzerritartasun Legeak sortzen dituen muturreko diskriminazio egoerak direla-eta, batzuetan beste aukerarik ez delako geratzen. Sistema kapitalista, kolonialista eta matxistak ezarritako zaintza sistemetan, batzuk askoz gehiago galtzen dute beste batzuk baino eta injustizia honekin bukatu beharra dago".
Herri mugimenduekin aliantza bila
Krisi gau azaleko soluzioekin konpontzen ez dela aldarrikatuz, Mugimendu Feminista aktibatu egin da. "Egungo zaintza sistema irauli eta eraldatzeko asmoz borroka-dinamika bati ekin diogu", azaldu dute. "Zaintza sektorean lan-baldintzak hobetzeko borrokan ari direnekin indarrak batu nahi ditugu, gure inguruetan zerbitzu publikoen kalitatea defendatzen duten kolektiboekin. Aliantzak bultzatu nahi ditugu Oñatiko herri mugimenduekin eta dena aldatzeko zaintza antolaketa irauli nahi duten guztiekin".
Talde bat martxan da dagoeneko eta irailean antolaketan parte hartzeko deialdi ireki bat egingo dutela aurreratu dute. Bien bitartean, eurekin harremanetan jartzeko helbide elektronikoa ahalbidetu dute. bizitzakerdiguneanonati@gmail.com da hori.