Iñaki Igartua: "Albarritzako aldapa izango da zailena"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko eka. 23a, 13:00

Iñaki Igartua Loidi. Argazkia: Kontzejupetik.

Domekan jokatuko da Oñatiko Torreuazoko lasterketa. Iñaki Igartua oñatiarrak lehenengo aldiz egingo du; gainera, handbike modalitatean egingo du. Gaixotasun baten ondorioz dago gurpildun aulkian 2021eko maiatzaz geroztik.

Torreauzoko lasterketak dituen 7,5 kilometroak egiteko prest dago Iñaki Igartua oñatiarra. Haren lehen lasterketa izango da handbike modalitatean.

Domekan izango da lasterketa; nolakoak izan dira azkeneko entrenamendu asteak?

Oso ondo sentitu naiz. Hasita nengoen entrenatzen, eta martitzenean lasterketako ibilbide osoa egin nuen. Gustura geratu nintzen; gorputzak ondo erantzun dit.

Momentuaz gozatzea da helburua?

Bai; nik, behintzat, derrigorrezko ikusten dut hori. Egiten dudanarekin disfrutatuko ez banu, ez nuke egingo.

Zergatik animatu zara Antxintxika Triatloi Egokituko taldean sartu eta handbike-an lehiatzera?

Buruan nuen zerbait zen. Handbike modalitatea probatu gura nuen, uste nuelako gustatuko zitzaidala. Aukera izan dut probatzeko eta aurrera egin dut. Bere garaian kirola egindakoa naiz, bizikletan, baina lehenengo aldia izango da Torreauzoko lasterketa egingo dudana.

Nolakoa izan da hanbike-ra egokitzea? Zer izan da zailena?

Hasiera batean, zailena egin zaidana izan da besoaren mugimenduarekin batera arnasa hartzea. Ohituta ez nengoen mugimendua da... Arrabolean aritu naiz eta oso samurra da; baina handbike-an probatzeak errespetua ematen zidan. Gainera, berriro ere errepidera irtetea... Horrek ere gurpilak ditu, baina ez du bizikletaren antzik.

Torreauzotik Olaterako ibilbidean zein tramu da zailena?

Zailen ikusten dudan zatia Albarritzako aldapa da. Abiaduran sartu behar da; han blokeatuz gero, abiatzea kosta egingo zait. Bestalde, bihurgune guztiak fin hartu beharko dira.

Ikusle asko erakartzen dituen lasterketa da. Karreraren inguruan sortuko den ikusminak urduritu egiten zaitu?

Ez dut urduritasunik; neure buruarekin gozatzera noa, eta helmugara iristea izango da nire helburua. Jendeak esan dit ikustera joango dela... Domekan bertan ikusiko dugu urduritzen naizen edo ez.

Antxintxika taldeak ematen duen laguntza ezinbestekoa izango da lehiatu ahal izateko.

Gure egoeran gaudenentzat zortea da horrelako elkarte bat izatea. Kirol materiala oso garestia da, milaka euro balio duena; Antxintxika elkarteak uzten digu probatzen, ikusteko ea benetan gura dugun honetan jarraitu. Aitor Rementeriak pila bat lagundu dit; niretzat egokia den posizioa jarri, nola funtzionatzen duen esplikatu... Aukera eman dit kirola egin eta parte hartzeko.

Torreauzokoaren ondoren, egongo dira gehiago?

Egunetik egunera joan nahi dut, gozatu eta saiatzen. Sufritu ere egiten dut, baina baita sufritzearekin gozatu ere. Hasiera da, eta espero dut amaiera ez izatea.

Izen-ematea online bakarrik egin daiteke

Domekan, ekainaren 25ean, izango da Torreauzoko lasterketa Oñatin, 10:30ean. Aurtengo berrikuntza da izen-emateak online bakarrik egin daitezkeela, www.herrikrosa.eus atarian. Bi kuota egongo dira: gaur, barikua, 22:00ak arte 10 euro kostako da izena ematea; eta ekainaren 25eko 09:00ak arte, 18 euro. Korrikalariak taldean korrika egitera animatu nahi dituzte antolatzaileek, eta, horretarako, taldekako opariak egongo dira. Izena ematerakoan taldeka izena eman besterik ez da egin behar –gutxienez, hiru korrikalari–. Taldekideek ez dute lasterketa batera egin beharrik izango; amaieran, taldeentzat opari berezia egongo da. Gainera, iragarri dute sari banaketa ekitaldiaren ondoren Torreauzoko krosa berezi egiten duen oparien zozketa egongo dela.

Erlazionatuak

Hazten ari den herri lasterketa da Torreauzokoa

Oihana Elorza Gorostiza 2023 eka 23 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak