Hazten ari den herri lasterketa da Torreauzokoa

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko eka. 23a, 10:20

Abixaran Torreauzo taldeko kideak: Jasone Elorza, Miren Urkiola, Susana Arrese eta Ainara Diaz de Gereñu (Argazkia: Abixaran Torreauzo)

Zortzigarren aldiz antolatu du domekako lasterketa Abixaran Torreauzo taldeak, eta bilakaera izan duela diote. Aurten ere gonbidapen berezia egin diete emakumeei, herritarrei eta muga fisikoak dituztenei. 10:00etan aterako dira lehenengoak

Tourragatik, astebete lehenago egingo dute 24. Torreauzoko krosa: domekan. Abixaran Torreauzo taldeak antolatzen duen zortzigarrena izango da.

2016tik hona

Antxintxiketa atletismo taldearen erreleboa hartzeko proposamenari baietz esan zion Abixaranek, eta, kideen artean taldetxo bat sortuta, 2016an antolatu zuten lehenengo aldiz.

Ordutik hona lasterketak izan du bilakaera, eta emaitza horrekin pozik dago Abixaran Torreauzo taldea. "Parte-hartzea eta, batez ere, emakumeen partaidetza sustatzea eta gehitzea zen gure hasierako asmoa. Abixaran taldea bera ere horrela sortu zen, emakumeak taldean kirola egitera ateratzeko helburuarekin, eta Torreauzoko krosean ere horixe gura izaten dugu".

Eta parte-hartze datuek erakutsi diete Abixaran Torreauzo taldeko kideei asmo hori ari dela betetzen. 2016an, adibidez, lasterketan parte hartu zuten korrikalarien %27 ziren emakumeak; 2017an jaitsi egin zen pixka bat eta partaidetza bera igo; 2018an ia %31; 2019an %30; eta joan den urtean hirutik bat zen emakumea.

Oñatiarrak ere gero eta gehiago

Partaidetza kopuru handiena ere joan den urtean lortu zuten: 243 lasterkari. Haietatik 81 ziren emakumeak; 52, oñatiarrak. Izan ere, herritarren korrikalari kopurua ere hazten ari da; 151 izan ziren joan den urteko lasterketan parte hartu zutenak. "Gonbidapen berezia egiten diegu emakumeei taldeetan parte hartzeko. Baita muga fisikoak dituztenei ere; behintzat, oñatiarrei. Aurten ere aterako dira. Handbike-ean bi, Iñaki Igartua eta Joseba Azkarate, taldekide duten Alfonso Lopez atletismoko aulki egokituan eta Josu Egaña hanka bakarrekin patin gainean".

Herriko zerbitzuekin batera

Buru-belarri ari dira lanean Abixaran Torreauzo taldeko kideak domekan egingo den lasterketa antolatzen. Eurez gain, Abixaran taldeko kide gehiago izango dira domekan, eta beste hainbat herritar. "Eta, noski, herriko komertzio eta zerbitzu asko ere bai. Eurek emandako opariak zozkatuko ditugu; erdiak gizonen artean eta beste erdiak emakumeen artean. Horrek ere egiten du berezi kros hau. Eta guztiei eskerrak eman gura dizkiegu lerro hauen bitartez; bai euren produktuak eman dizkigutenei, baita domekan laguntzen ibiliko diren herritarrei ere. Eskerri asko denoi".

Izen-ematea, online

Domekan, ekainaren 25ean, izango da Torreauzoko lasterketa Oñatin, 10:30ean. Aurtengo berrikuntza da izen-emateak online bakarrik egin daitezkeela, www.herrikrosa.eus atarian. Bi kuota egongo dira: gaur, barikua, 22:00ak arte 10 euro kostako da izena ematea; eta ekainaren 25eko 09:00ak arte, 18 euro. Korrikalariak taldean korrika egitera animatu nahi dituzte antolatzaileek, eta, horretarako, taldekako opariak egongo dira. Izena ematerakoan taldeka izena eman besterik ez da egin behar –gutxienez, hiru korrikalari–. Taldekideek ez dute lasterketa batera egin beharrik izango; amaieran, taldeentzat opari berezia egongo da. Gainera, iragarri dute sari banaketa ekitaldiaren ondoren Torreauzoko krosa berezi egiten duen oparien zozketa egongo dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak