Olaitturrin emango diote gaur su txondorrari

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko eka. 23a, 08:14

San Juan sua piztuta plazan.

Txantxiku ikastolako guraso talde batek agertu du prestutasuna San Juan sua Udalarekin, Oñatzekin eta Aita Madina txistulari taldearekin batera antolatzeko, eta horrela egingo dute, 22:30ean, Olaitturrin, lau urteko hutsunearen ondoren.

Txantxiku ikastolako guraso talde batek bakarrik erantzun zion Udalak San Juan sua antolatzeko laguntzaile bila egindako aurtengo deialdiari, eta bien artean prestatu dute gaurko San Juan sua, Oñatzeko dantzariekin eta Aita Madina taldeko txistulariekin elkarlanean. Olaitturrin izango da aurten, 22:30ean.

Zereginak banatuta dituzte

Udal brigadako langileak goizean hasiko dira gauean erreko dituzten oholak eta bestelako materiala Olaitturrira eraman eta txondorra prestatzen. Dena gertu uztea eta dena jasotzea izango da Udalaren eginkizuna, eta sua piztea, ekitaldian zehar zaintza lanak egitea eta sua itzaltzea, berriz, Txantxiku ikastolako guraso taldearen lana. Olaitturri plazaren erdigunean egongo da txondorra eta inguruko altueretatik ikusteko moduan egongo dira herritarrak. Sua bera, eta baita dantzak ere. Oñatzeko dantzariek beti hartu dute parte San Juan suko ekitaldian. Zita berezia izaten da, gainera, eurendako. Nagusien taldera pasatzen diren dantzari gazteen lehen plaza izan ohi da. Aurten ere hartuko dute parte Oñatzeko dantzariek, txistularien doinuak lagunduta dantza eginez. Koplak ere abestuko dituzte.

Jarraipena emateko asmoarekin

Txantxiku ikastolak 55 urte bete ditu aurten eta askotariko ekitaldiak ari da antolatzen urteurrena ospatzeko; Beskoitzeko ikastolarekin egindako harremana, Elbira Zipitriari buruzko dokumentalaren emanaldia eta ikasle ohien bazkaria, esaterako. San Juan sua egitea beste ekitaldi bat izan zitekeela pentsatu zuten guraso kontseiluko kideek, eta ikastolako beste langile batzuekin batera hamar bat laguneko taldea osatu dute tradizio handiko ekitaldi hori antolatzeko. Aurten urteurrenarekin batera tokatu arren, baina, aurrerantzean ere antolatzen jarraitzeko prest daudela esan dute. "Euskal kulturaren eta ohituren transmisioan bete-betean sartzen da, eta pena litzateke su hori itzaltzea. Horrek, noski, gaia bera ikasleekin lantzea ere badakar, eta egingo da lanketa hori".

2018an azkenengoz

2018a ezkero ez da egin. 2019an Corpus ospakizuna ekainaren 24an tokatu zen eta ezinezkoa izan zitzaien bezperan txondorra egitea plazan. Dantzariek ere zaila zuten parte hartzea, Corpus dantzetako agerraldiak zituztelako. Pandemia izan zen 2020an eta 2021ean ez egitearen arrazoia; 2022an ez zen inor aurkeztu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak