Emakumion Etxiaren espazioak, zehaztuta

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko eka. 24a, 08:03

Eguaztenean Eltzian egindako saioan. (Argazkiak: TA PUNTU)

Altzari mugikorrak izango ditu, eta erabilera askotariko gelak, zerbitzuetarako bulegoak, egoteko espazioak, sormen-gunea eta sukalde bat egongo dira eraikinean; unearen arabera modu batera edo bestera erabili ahal izateko moduko espazioak.

Ari da itxura hartzen Oñatiko Emakumion Etxia. Barne antolaketa nola egingo duten adosten ibili dira erabakitze faseko azken hiru saioetan. Eguazten iluntzean egin zuten azkena, eta eraikin barruan zer eta nolako espazioak egongo diren eztabaidatu eta erabaki zuten.

Eztabaida eta adostasuna

Barne espazioak definitu eta aurrekoetan adostutako premisak berretsi eta zalantza gehiago sorrarazten zituzten ertzak argitzeko saioa izan zen eguaztenean Eltzian egindakoa. Esaterako, eraikinak dituen hiru solairuen irekieraz edo publikotasunaz hitz egin zuten joandakoek, espazio irekiagoak eta pribatuagoak edo intimoagoak berezitu zituzten, eta horren arabera antolatu espazioak.

Espazioak zehaztuta, gune hauek izango ditu etorkizuneko Emakumion Etxiak: erabilera askotariko gelak, zerbitzuetarako bulegoak, egoteko espazioak, sormen-gunea eta sukalde bat. Azken zerbitzu hori izan zen eztabaida handien sortu duen gaia, hain zuzen ere. Kokalekuak, batetik, eta izan beharko lukeen pribatutasun edo publikotasun mailak, bestetik, sozializatzeko eta ahalduntzeko espazio interesgarria izan daiteke-eta, askoren iritziz.

Altzari mugikorrak barruan

Espazioen izaeren inguruan, egonkorrak ez izaten saiatu dira; hau da, ez izatea helburu edo erabilera bakarrera lotuta egoteko guneak, baizik eta unearen arabera modu batera edo bestera erabiltzeko modukoak izatea. Horregatik, eraikinean altzari mugikorrak jartzea proposatu dute, baita mugikorrak izan daitezkeen beste elementu batzuk ere, intimitatea edo akustikoki moldatzeko aukera eskaintzen dutenak.

Funtzionamendua hurrengo

Etxearen dinamizazioaz ere hitz egin zuten, eta baita harrera-bulegoaren beharraz ere. Barne antolaketari dagozkion erabakiak hartuta, proiektuaren proposamena egingo du Juntura arkitekto taldeak, eta horren aurkezpen irekia egingo dute uztailaren 12an, Eltzian. Datorren ikasturtean erabakitze faseko saio gehiago egingo dituzte: arauak, ordutegia, funtzionamendua eta baliabide pertsonalak eta materialak adostuko dituzte, besteak beste. Barrua diseinatzeko prozesuak aurrera jarraitzen duen bitartean, eraikina barrutik husten ari dira eta argindarra eta halako oinarrizko baliabideak sartzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak