Antzezlana zena, websaila orain

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko eka. 16a, 12:51

Beita websailean parte hartu duten Xup taldeko kideak. Argazkia: Xup.

Iazko martxoan abiatu zuen diru-bilketa Oñatiko Xup taldeak, Beita antzezlana websail bihurtzeko gogoz. "Ametsa errealitate bihurtuta", gaur, egubakoitza, Santa Ana antzokian 20:00etan erakutsiko dute zortzi atal dituen bildumako lehenengoa.

2021eko maiatzean estreinatu zuen Oñatiko Xup antzerki taldeak Beita antzezlana Oñatiko Santa Ana antzokian. Arrakasta "handia" izan zuten, aretoa lepo bete egin zuten-eta eskainitako hiru emanaldietan. Antzezlana ikus-entzunezko bihurtzeko proposamena egin zuen taldekide batek ondoren, eta kide gehienak herritik kanpo unibertsitatean ikasten hasiberri baziren ere, proiektuarekin aurrera egitea erabaki zuten.

Bi urte geroago, Beita websaila estreinatzeko prest dute. Hamabost minutu irauten duten zortzi kapitulu dira, guztira. Sexu eraso bat da istorioaren abiapuntua, eta horren bueltan lagun kuadrilla batean sortzen diren egoerak, harremanak eta gertuko lagunen jarrera ulergaitzak kontatzen dituzte. "Antzezlanaren izenburuak adierazten duen moduan, 'inoiz ez du isiltasunak horrenbeste zarata egin'. Gazteon errealitatean dauden gaiak landu nahi izan ditugu hastapenetatik, eta garrantzitsu deritzogu gai hori ere azalera ekartzeari. Era berean, gazteontzako euskarazko ikus-entzunezko gutxi daudela ikusita, gure aletxoa jartzea erabaki genuen", kontatu du asteon Xup taldeko Ander Murillok Goiena telebistako Hemen Debagoiena saioan.

Diru-bilketa "arrakastatsua"

Proiektua aurrera eraman ahal izateko, borondatez diruz laguntzeko kanpaina bat abiarazi zuten Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxearen laguntzarekin, iaz, martxoan. "Dirua aurretik lortzea ezinbestekoa da, eta, bereziki, gu moduko talde gazte batendako. Laguntzak badaude, baina zaila da horiek lortzea, lan handia eskatzen du, baina egin dugu eta lortu dugu. Sekulako harrera ona izan zuen diru-bilketak eta gure aurreikuspenak bete egin genituen. Bestelako dirulaguntzak ere eskatu eta jaso ditugu", azaldu du Xupeko Maddi Altolagirrek.

Ikasketa prozesu "lanpetua besteko aberasgarria" izan da ekoizpena; taldekide gehienentzako, estreinako aldia. "Guk egin dugu prozesu osoa, gidoia idaztetik edizioarekin bukatu bitartean, eta ondorengo hedapen edo zabalpen bideak kudeatu ere bai, eta horrek askotariko alorrak ikastea eta menperatzea eskatu digu", dio Altolagirrek, eta zera gaineratu du Murillok: "Lan honek asko exijitu digu, baina oso lagunak gara eta ondo konpondu gara lantalde ezberdinetan banatuta; adibidez: kide batzuek gidoia idaztearen eta errodajeko plangintzaren ardura izan dute; arroparen eta makillajearena beste batzuek; lokalizazioak edo grabatzeko tokiak beste kide batzuek bilatu dituzte... Taldeak ondo koordinatzeko bilera asko egin ditugu eta oraindik ere asteroko bilerak egiten jarraitzen dugu".

Grabaketak, iaz, udan

Topera ibili ziren: "Goizeko zapietan hasi eta gauerdia bitartean amaitzen genuen errodatzen. Askotariko tokietan izan ginen. Filmean ikusten den herria Elgeta da eta etxe barruko planoak, berriz, gehienak Oñatin grabatutakoak dira, baina Aretxabaletan eta Zumaian ere izan ginen plano gehiago grabatzen. Aurtengo lanak bestelakoak izan dira: edizioa, musika sortzea, lege edo erregistro kontuak...".

 

Gaztea-ko Youtube kanalean

Gertuko lagun edo senide gutxi batzuek izan dute estreinaldiaren aurretik websaila ikusteko aukera, eta, haien feedbacka aintzat hartuta, azken ukituak egin diz- kiote asteon. Sare sozialetan, baina, ikusmin handia sortu du Oñatiko gazteek egin duten ikus-entzunezkoak. "Ez genuen halako arrakastarik espero. Jende askok igo ditu gure bideoak euren Instagrameko kontura. Sare sozialetan jarri genuen helburua guztiz gainditu dugu; Euskal Herri osoan zabaldu dira".

Gogoz daude gaur, egubakoitza, 20:00etan Santa Ana antzokian lehenengo kapitulua erakusteko. Diru-bilketan parte hatu zuten batzuek estreinaldirako txartela jaso zuten opari, baina gainontzekoendako Aker tabernan izan dituzte bi eurotan salgai, eta sarrera ia guztiak agortu dira.

Xupekoek, baina, gorriz markatuta dituzte beste bi data: ekainaren 25a eta uztailaren 2a; izan ere, egun horietan estreinatuko dituzte, Gaztearen Youtube kanalean, bi urtean zehar "mimo eta seriotasun handiz" ondu dituzten Beita websailaren atalak; aipatutako egun bakoitzean lau kapitulu berri izango dira ikusgai.

Jon Zubiaga 'Osoron' eta Izar Mendiola aktoreak Beita websaileko errodajean. Argazkia: Xup taldea.

Maddi Altolagirre, Ander Murillo, Sara Arregi, Danel Teran, Izar Mendiola, Paula Polo, Aitor Gomez eta Malen Perez de Arenaza dira Xup taldeko aktoreak, eta Eltzia Kulturgunean dute sortzeko eta entsegutarako etxea.

Zortzikotea da, antzezlanean moduan, protagonista websailean, baina bizilagunak dituzten DAPeko (Debagoieneko Antzerki Plataforma) kideak eta bestelako lagunak eta senitartekoak ere kamera
aurrean jarri dituzte. "Asko eskertu dute", era berean, DAPeko kide Amaia Castañeda aktore-zuzendari lanetan jardun izana. "Grabatu aurretik hainbat entsegu egin genituen Amaiarekin eta errodaje osoan zehar ere gurekin izan zen, eta, duda barik, laguntza eta sostengu handia izan da guretzako", azaldu dute Xup tadekoek.

Olaia Inziartek abestutakoa

Bidelagun izan duten Josu Zubiak konposatu eta ekoiztu du Beita-ren soinu bandako kantu izarra; Sara Iriartek, Xupekoen lagunak, jarri dizkio doinuari hitzak, eta Olaia Inziartek abestu du. "Proiektua asko gustatu zitzaion Olaiari eta segituan eman zigun baiezkoa, eta elkarlana erraza izan da. Interesgarria iruditu zitzaion Beita-n haren hazia jartzea. Kantuarekin jende gehiagorengana helduko gara, eta websailari nortasun berezia eman dio".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak