Hitzarmena sinatu du Oñatiko Udalak AFAGI elkartearekin, Alzheimer gaixo eta familien Gipuzkoako elkartearekin, estimulazio kognitibo tailerrak eskaintzeko. "Altzeimerra edo dementzia duten herritarrei eta senideei laguntza eskaintzea da hitzarmen honen helburua: aholkularitza, laguntza psikologikoa, tailerrak eta bestelakoak", azaldu du Izaro Elorza, jarduneko alkateak. Hitzarmena hiru urterako izango dela ere gaineratu du, 2026ko uzatailaren 31ra arte, eta 38.886 euroko ekarpena egingo duela Udalak, 12.962 euro urteko. "Lehen fasean pertsonaren balorazioa egingo dute eta gero tailerrean parte hartu. Asmoa da irailetik aurrera martxan jartzea".
Iñaki Olalde oñatiarra da AFAGI elkarteko presidentea eta eskertuta agertu da astean sinatutako hitzarmenean. Berak emandako datuen arabera, 1991 urtean sortu zuten elkartea, gaixoei ez ezik familiei ere laguntzeko: "Zoritxarrez dementziak eta Altzeimerra gehitzen ari dira. Egun, Gipuzkoan 13.000 gaixo inguru daude, baina 50.000 bati eragiten dio, zaintzaileak eta familiak kontutan hartuta".
Tailerretan ahalmen kognitiboak sustatzeko eta mantentzeko ekintzak egingo dituzte, Alzheimerra duen pertsonaren bizi-kalitatea hobetzeko eta gaixotasuna moteltzeko, ahal den neurrian. Astean bi egunetan egingo dituzte, ordu eta erdiz.
Hitzaldia eta antzezlana irailean
Estimulazio kognitiboen tailerra Oñatin eskaintzea da hitzarmen honen helburua eta horri buruzko informazioa emateko eta zerbitzuaren zabalkundea egiteko, irailean hitzaldi bat egingo dutela aurreratu dute AFAGIko kideek. Baita antzezlan bat ere Ganbara Faktoriarekin batera.