Duela 23 urte, 2000. urteko ekainaren 25eko Corpus egunean ipini zuen lehenengoz Kale Zaharreko aldarea Axun Urtazak. "Kale Zaharreko Maritxu Guridi Sabas-ek ipintzen zuen ordura arte, eta testigua hartuko ote nion galdetu zidan", azaldu du Axunek. Urtazatarren etxean Corpus eguna beti izan da egun berezia: "Bittori ahizpak San Migel jantzi zuen hil arte, anaia Joxe apostolu janzten zen eta nik aldarearen ardura hartu nuen". Maritxurekin batera ipini zuen 2000. urte hartan aldarea. Alfonbra, oihalak, kanderailuak, kandelak, loreak... "Sei krabelin ipintzen zituen Maritxuk; egun, bi dozena ipintzen ditugu", azaldu du. Axunek alaba izaten du lagun egiteko horretan. "Lehenengo urteetan ikusten egoten nintzen, amaren ondoan; gero, ni neu ere hasi nintzen laguntzen. Etxean ardura hori gure sentitzen dugu, badakit egunen baten Maria alabak hartuko duela erreleboa", dio Ane Beitiak.
Otoitz lekua
Plazan egiten den otoitzaz gain, prozesioak egiten duen ibilbidean zehar, parrokoa gelditu eta otoitz egiten duen toki bakarra da Kale Zaharrekoa. Lehenago, Atzeko kalean eta Kale Barrian ere gelditzen ei ziren, baina aldare horiek ez dira gaur egun jartzen. Domeka honetan, beti bezala, Kale Zaharreko aldarean kristoren gorputza ipinita egingo du otoitz Horacio Argarate parrokoak. "Santisimoari erreberentzia egingo diote, lehenengo parrokoak, eta gero, dantzariek. Une horretan beti hunkitzen naiz", dio Axunek.
Prozesio egunaren aurretik
Beitia-Urtazatarren etxeak hilabete lehenago hartzen du Corpus usaina. Ganbaran gordeta izaten ditu Axun Urtazak urte osoan aldarea egiten duten ehun, zapi, alfonbra, loreontziak eta beharrezko guztiak; hilabeteren faltan Santa Anako mojetara eramaten ditu telak, eta loreontziak Urtxin loradendara. "Mojak arduratzen dira oihalak garbitzeaz; eta lorazainak, loreak ipintzeaz. Bi tokitan berezi tratatzen gaituzte, prozesuaren parte sentitzen gara".
Egunean bertan, 09:30erako tokian bertan izaten dituzte ama-alabek beharrezko guztiak. "Berez, ordu horretan hasten dira ospakizunak", dio Ane Beitiak. "Guk aldarea prestatzen dugun bitartean pasatzen dira musika banda, txistulariak, hasten dira santuak parrokiara iristen eta orduan hasten dira Corpus eguna hain berezi egiten duten kanpai eta kriskitin hotsak ere", gehitu du Axun Urtazak. 10:00etarako arotzak muntatuta izaten du mahaia eta orduan hasten dira ama-alabak dena atontzen. Behin prozesioa bertatik pasatuta jasotzen dute dena, kaxetan txukun sartu eta etxeko ganbarara eramaten dute berriro. Krabelinak, berriz, kanpo santura eramaten ditu Axunek. "Gertukoei eramaten dizkiet, familiakoei eta lagunei", dio.
Familiaren topaleku
Senitartekoen topaleku bilakatu da Kale Zaharreko aldarea eurendako. "Denok inguruan egoten gara", dio Ane Beitiak. "Guretzat oso momentu hunkigarria da eta hamar egun lehenagotik egoten gara eguraldi iragarpenari begira. Orain ere horrela gabiltza; gaur, esaterako, ez du domekarako euririk ematen".