Asteburu betea dator txistulariendako ere

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko eka. 8a, 09:12

Txistulari taldea, joan den urteko Corpus prozesioan.

Egubakoitzean ikastetxeetan eta landa zein kale auzoetan hasi eta domeka arratsaldean plazan egingo dituzten dantzak bukatu bitartean, txistulariek jarriko diote soinua Corpus ospakizunei, dantzarien kriskitin hotsarekin batera.

Dantzarien ondoan beti, egu - bakoitzean hasten dituzte Corpus ospakizunak txistulariek ere, ikastetxeetan eta auzoetan joz. Betea izaten da asteburua eurendako ere. Betea, hiru egunetan ordu eta toki askotan jotzen dutelako; eta betea, sentimenduz, barrutik bizi duten ospakizuna izaten baita txistulariendako ere.

Bi belaunaldi elkarrekin

Horrela bizi dute, esaterako, Lander Diaz de Gereñu eta Aintzane Agirre txistulariek. Biek, gainera, euren semeekin batera hartuko dute partea aurten ere, eta horrek handitu egiten die satisfazioa. "Beti bizi izan ditugu Corpusak etxean. Aita kofradiako kide da eta hiru anai-arrebok ibili gara txistua joten Corpusetan. Amarendako gauza handia zen hori, eta horixe sentitzen dut semearekin batera ateratzean. Badut esperantza, gainera, urteren batean alaba eta hirurok ateratzeko ere. Erlijio puntutik baino gehiago, kulturalki Oñatin duten garrantziagatik bizi ditugu Corpusak, eta ederra da horko parte izatea", dio Agirrek. Iritzi berekoa da Diaz de Gereñu ere: "30 bat urte dira txistua jotzen ikasten hasi nintzela. Askotan jo dut Corpusetan, azken bietan semea ondoan dudala, gainera, eta horrek barrua mugitzen du, bai. Aurten ere aterako gara".

San Sebastianen atzetik

Jai handia domekan izan arren, zapatu goizean plazan egiten den ekitaldiak bereziki hunkitzen du Diaz de Gereñu: "Finkatzen joan den ekitaldia da. Urtetik urtera ikusle kopura handitzen joan da eta herritarren artean zabalduta izan da hori. Domekako prozesioa da, agian, iragartzen dena, baina zapatukoak berez hartu du indarra, eta horrek asko poztu nau".

San Migel parrokiako kanpandorreko kanpaiek 09:00ak jotzen dituztenean hasten da zapatuko dantza, eta ordurako plazan egoten dira txistulariak eta dantzariak. Domekan, berriz, goiz-eresia eginez hasten dute eguna txistulariek. Irudiak parrokiara eramaten laguntzen dute gero, baita San Migel, kofradeen eta apostoluen ondoan joan ere Santa Anatik elizarako bidean, eta korrika joaten dira gero parrokia atzeraino, meza ostean irudiekin batera prozesio barruan sartzeko.

San Sebastianen irudiaren ostean joaten dira prozesioan txistulariak, eta, normalean, kanpotik, Legazpitik, etorritakoekin batera osatzen dute taldea bertakoek. Corpusetako zortzikoa jotzen egiten dute ibilbidea, dantzariak aurrera eta atzera ondotik pasatzen direla. Euren jarduna zaindu eta berriz hasi jotzen. Ezin zenbatu ere egin zenbat aldiz jotzen du- ten pieza bera. Etenalditxoak ere egiten dituzte, eta bereziki eskertzen dutena Kale Barritik behera datozela egiten dutena izaten da. Etxeberria jatetxean beti izaten zuten prest edatekoa dantzariendako eta txistulariendako. Hura itxi zutenean Arrano tabernak eskaini zien zerbitzu hori ematea, eta, harrezkero, haren parean gelditzen dira zerbait edan eta minutu bateko atsedena hartzen. Domeka arratsaldean plazan egiten diren dantzetan ere, badira urteak soka-dantzarako dantzariekin batera ateratzen direla.

Aurten ere, egubakoitzetik domekara, txistulariek jarriko diote soinua Corpus ospakizunari, dantzarien kriskitin hotsarekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak