Corpus eguna gorriz markaturiko eguna da oñatiarrentzat. Urteetan zehar tradizio bihurtu dira dantza taldekoen emankizunak eta domeka goizeko prozesioa, besteak beste. Jendeak ez du aukerarik galtzen eguna ospatzeko hainbat modutan, eta horrek, nola ez, merkatariengan eragina du, eta haiek ere nabaritzen dute Corpusak datozela.
Egun berezirako jendea dotore irten ohi da kalera, etxeko arropa berezienak jantzita edo une horretarako propio erositakoekin. Eta, arropa erosteaz gain, ile-apaindegira joaten direnak ere badaude, dotorezia hori domeka goizean herriko kaleetan erakusteko.
Corpusak familian edo lagunartean ospatu ohi dute askok; jan-edanean, betiere. Prozesioaren ostean, tabernan edateko zerbait hartu, familia edo lagun talde osoa batu, eta, ondoren, denak batera jatetxera bazkaltzera eguna borobiltzeko. Corpus eguna ospakizuna da, baina, ospakizunerako, lan egin beharra dute batzuek.
Margari Bastarrika
Izarraitz tabernako jabea
"Bezperatik nabari da egun berezia dela. Zapatuan ere jende ugari aritzen da, baina gure kasuan, batez ere, Corpus egunean goizean aritzen gara gelditu gabe; eguerdi-arratsalde aldera jaitsi egiten da jende kopurua, baina ordura arte gelditu gabe aritzen gara. Normalean, ardo zuriak izaten du arrakasta handien goiz horretan, eta etengabe ibiltzen gara pintxoak ateratzen".
Begoña eta Arantza Markuleta
Marku arropa denda
"Nabaritu dugu mugimendua. Ez dakigu Corpusak direlako edo eguraldi ona hasi delako den. Azken hamarkadan asko aldatu dira gauzak. Jendea propio etortzen zen Corpus egunerako arropak erostera. Orain, berriz, badirudi ez duela horrenbesteko garrantzirik egun horrek. Lehen, ohitura zen arropak estreinatzea egun honetan, eta egongo da oraindik bateren bat hori egiten duenik".
Igone Ugarte
Ile-apaintzailea
"Dudarik gabe, urtero nabaritzen da Corpusak datozela. Egia da gaur egun jendea lehenago ibiltzen dela txanda hartzen duela urte batzuekin alderatuz; aldaketa nabari da. Era berean, badirudi gazteei ez zaiela hainbeste axola egun hori, baina ez da horrela, denek nahi dute dotore egon egun horretan. Ordu gehiago ez ditugu sartzen, baina aste hauetan agenda beteta izaten dugu".
Jesus Mari Arsuaga
Txopekua jatetxeko jabea
"Bezero batzuek urte batetik besterako erreserbak egiten dituzte. Beste batzuk hiru hilabete lehenago hasten dira erreserbak egiten. Azken egunetan ere izan ditugu deiak, eta beste lau edo bost jantoki betetzeko jendea izango genuke. Normalean, familiak izaten dira etortzen direnak. Menu berezia izan dugu beste urte batzuetan, baina orain jendeak nahiago du norberaren menua egin".