Bidaurretako Monasterioan ematen du urte osoa domekan, ekainak 11, Corpus prozesioan aterako den San Frantziskoren irudiak. Urtero, Corpus domekaren aurreko astean, atondu, anda gainen jarri, lorez apaindu eta kalera ateratzeko gertu uzten dute haren ardura duten andariek, kofradiako kideekin eta Bidaurretako mojekin batera. Irudi pisutsua da, eta luzea, eta egiturara ondo lotzen ez bada arazoak eman ditzake. "Urte baten ez genuen andara ondo lotu eta larri ibili ginen, eroriko zela pentsatu genuen behin baino gehiagotan", dio 30 urtetik gora San Frantziskoren andari dabilen Juan Inazio Irizarrek. Aitarekin hasi zen Irizar lan horretan, eta gero, duela 20 urte baino gehiagotik, kuadrillakoen artean egiten dute. "Okerrena bero askoko egunak dira; pisua du eta bero handiarekin nekeza egiten da", dio Irizarrek. "Prozesioko ibilbidea egitea baino zailagoa egiten da, askotan, irudia Bidaurretatik parrokiara eramatea. Bakardadeko Ama kalean behera joaten gara; malda duen kalea da, eta hori eta Bidaurretatik bertatik ateratzea dira une zailenak", mintzatu dira euren artean andariak.
Anda berria
Hain justu ere, San Frantzisko aurten prozesioan egongo den berritasunetako baten protagonista da. Haren anda –azpiko egitura– zaharberritu egin dute. "Kolorea galduta zuen eta piezak erori egiten zitzaizkion", azaldu du kofradiako Josu Amondarainek. Gasteizen egin dute zahar-berritzea, eta txukun utzi dute kalerako. San Frantziskorenarekin batera, Ama Sortzez Garbiaren –Inmaculada– irudia ere anda zaharberrituaren gainean aterako da domekan, eta aurten hamabi apostoluak kandela berriekin aterako dira. "Prozesioaren biharamunean egiten da irudien eta Corpus prozesioa osatzen duten elementu guztien balorazioa. Berrikuspen horretan erabakitzen da zer berritu behar den hurrengo urtera begira. Izan ere, irudiek kolpeak hartzen dituzte, kolorea galtzen dute, arropak zahartu egiten dira...", dio kofradiako kide Josu Amondarainek.
Aurreko lanak
San Frantziskoren irudia gertu dago, beste guztiak dauden bezala, eta bakoitza dagokion tokian. San Krispin eta San Krispinianoren irudia San Esteban ermitatik Lazarraga jauregira eroaten dute bi asteren faltan, eta Olabarrietako San Kristobal ere Bidaurretako Monasterioan atondu dute, astean. "Mojek ere gertu dituzte San Migelen, Jesusen eta hamabi apostoluen jantziak, maskarak eta ileordeak, eta domekan joango gara Santa Anako mojengana haien bila. 11:00etan hasiko gara janzten", azaldu du Amondarainek.
Ia 300 lagun lanean
Aurten, ia 300 lagun ari edo ariko dira Oñatin Corpus prozesiorako lanean. 150 lagunetik gora prozesioan bertan, eta beste horrenbeste prestaketa lanetan. Andariak, kofradiako kideak, txistulariak, Musika Bandako kideak, dantzariak, mojak, ile-apaintzaileak, aldareak ipiniko dituztenak, San Migel janzteaz arduratuko direnak eta gehiago. Hori guztia eukaristiaren omenezko egun berezia ospatzeko eta idatzizko agirietan froga daitekeenez, 1478ra orduko Oñatin ospatzen zen jaiak segida izan dezan.