Zarramarrako Eneko Ibabek egin zituen aurkezle lanak. Era berean, Maialen Sorzabalberek umetako camping garaiko kontuekin eragin zituen oñatiarren barre algarak; Beñat Iturbe, berriz, Go!azen-eko izen bereko aktorearen eta lanaren inguruan aritu zen; Ana Goitiak yoga izan zuen ardatz eta Mikel Irazustak komedia egiteko hiru mota aipatu zituen. Antton Telleria, azkenik, hizkuntzak izan zituen berbagai eta, nola ez, Oñatiko euskalkia eta oñatiarrak xaxatu zituen.
Gaur gehiago
12:30erako mahai-ingurua antolatu dute gaztelekuan Euskal Herriko umorista eta sortzaileekin. Kasu horretan, sarrera doakoa izango da, baina behin edukiera betez gero ezingo da jende gehiago sartu.
Komedia Jardunaldiak borobiltzeko, Barrexerka umore taldearen Hor esketxa dago! emanaldiarekin gozatzeko eta barre egiteko aukera izango dute gaztelekura joaten diren ikusleek. Hain zuzen, ostiraleko bakarrizketa egingo duten Maialen Sorzabalbere eta Mikel Irazusta Barrexerka taldeko kideak dira. Donostia eta inguruetako kideek osatutako taldea da Barrexerka eta umorezko esketxak antzezten dituzte, oholtzan zein Internetera igotzen dituzten bideoetan; baina sare sozialetan jartzen dutenez, hoberena emanaldietarako "gordetzen" dute.
Gaurko emanaldirako sarrerak Txokolateixan eta Udalaren webgunean daude, bost euroren truke.