Oñati umorearen erdigune izango da ekaineko lehenengo asteburuan. Zarramarrak antolatuta, Komedia Jardunaldiak izango dira ekainaren 2an eta 3an. Ostiralean, Altxa komedia bakarrizketa saioa egongo da Antixena gaztetxean, gaueko hamarretan hasita. Zapatuan, eguerdian (12:30) mahai-inguruak eta arratsaldean (19:30) Barrexerka umore taldearen emanaldiak osatuko dituzte umore jardunaldiak.
Ostiraleko emanaldiari dagokionez, bost umorista izango dira bakarrizketetan: Beñat Iturbe, Ana Goitia, Maialen Sorzabalbere, Mikel Irazusta eta Antton Telleria.
Antton Telleria hasia da motorrak berotzen, eta, umore ukitua emanez, dio Oñatikoa emanaldi berezia izango dela: "Oñati aitzindari izan da kulturgintzan eta euskalgintzan. Lehenengo Korrika eta lehenengo unibertsitatea bertakoak dira. Baina harreman afektiboen alorrean ere aitzindariak dira, oñatiarrek erakutsi digutelako bi pertsonak familia bat sortu dezaketela, eurak senitartekoak izanik ere". Era berean, euskal stand up (bakarrizketak) "loraldia" izaten ari dela dio, eta, horregatik, Oñati plaza "ezin hobea" izango dela.
Zapatuan zita bikoitza
Ostiralean barre nahikoa egin ez duenak zita bikoitza izango du hurrengo egunean Komedia Jardunaldien barruko menuan. 12:30erako mahai-ingurua antolatu dute gaztelekuan Euskal Herriko umorista eta sortzaileekin. Kasu horretan, sarrera doakoa izango da, baina behin edukiera betez gero ezingo da jende gehiago sartu.
Komedia Jardunaldiak borobiltzeko, Barrexerka umore taldearen Hor esketxa dago! emanaldiarekin gozatzeko eta barre egiteko aukera izango dute gaztelekura joaten diren ikusleek. Hain zuzen, ostiraleko bakarrizketa egingo duten Maialen Sorzabalbere eta Mikel Irazusta Barrexerka taldeko kideak dira. Donostia eta inguruetako kideek osatutako taldea da Barrexerka eta umorezko esketxak antzezten dituzte, oholtzan zein Internetera igotzen dituzten bideoetan; baina sare sozialetan jartzen dutenez, hoberena emanaldietarako "gordetzen" dute. Egubakoitzeko sarrerak eskuragarri daude Aker eta Arrano tabernetan. Langileek boat euro ordaindu beharko dituzte eta langabeek, berriz, hiru euro; zapatuko emanaldirako sarrerak, aldiz, Txokolateixan eta Udalaren webgunean daude, boat euroren truke.